harri-jasotzea I Euskal Herriko Txapelketa
Josetxo Urrutiak zazpi aldiz altxatu du bost minututan bere pisuaren bikoitza pisatzen duen harri kubikoa
Senosiain II.ak, Mugertza II.ak, Saralegik eta Mujikak lortu dute hurrengo faserako txartela.
J.L. I
Josetxo Urrutiak marka handia ezarri zuen herenegun Leitzan, izan ere, bere pisuaren bikoitza pisatzen duen harri kubikoa zazpi aldiz altxatu zuen bost minutuko txanda bakar batean. 250 ikusle inguru batu ziren saioa ikusteko.
Urrutia ekinaldia hasi aurretik pisatu zuten, eta 74 kiloko pisua eman zuen. Berak horren bikoitza gehi kilo bat gehiago pisatzen zuen harria erabili zuen: 150 kilokoa. Harria, gainera kubikoa zen, batere erraza ez den harria, baina nafarrak sekulako lana egin zuen
Bera oso ongi aritu zen lanean, eta amaieran zazpi jasoaldi emanak zituen epaileak bost minutuak bete eta txistua jo zuenean, zaleen txalo artean. Balentria handia da, dudarik gabe. Harriak, gainera bikain, arazorik gabe jaso zituen, sekulako segurtasuna erakutsiz, eta zaleak oso gustura geratu ziren ikusitakoarekin, garbi geratu baitzen marka hori hobetzea ez dela erraza izango.
Saioa amaituta, Urrutia pozez gainezka mintzatu zen komunikabideen aurrean. «Oso gustura geratu naiz. Harri-jasotzen egin dudan lanik onena izango da hau. Mimo handiarekin aritu naiz hau prestatzen, eta gauzak oso ongi atera zaizkit», esan zuen nafarrak.
Dena berak nahi bezala joan zela onartu zuen Josetxok: «Harria seguru jaso nahi nuen, presarik gabe, eta banekien horrela eginda marka lortuko nuela. Behin lehenengoa jasota, lasaitu egiten zara, helburua beteta baitago, eta hortik aurrera dena primeran joan da.
Zazpi jasoaldi uste dut oso marka ona dela, eta hortxe geratuko da norbaitek apurtu nahi baldin badu ere», esan zuen.
Sega
Nazioarteko erako Europako Txapelketarako sailkapen ligaxkan parte hartu nahi duten segalariek maiatzaren 1a baino lehen eman behar dute izena. Horretarako 615743411 edo 669641197 telefono zenbakietara deitu behar dute.