Laura MINTEGI Idazlea
Espirituak, reikia eta oraina
Lehengo egunean berriz eztabaidatu genuen gaiaz, zentzu literalenean: berak baietz eta neuk ezetz. Berak dio gorputza hiltzen denean espiritua gorputik askatu, beste gorputz batean sartu eta berriz haragitzen dela. Neuk, ordea, eszeptiko egoskorra, ezetz esaten nion, ez nuela sinisten espiriturik dagoenik, ezta arimarik edo izaki immaterialik gorputza gorpu bihurtzen denean.
Aitortu behar dut gustura ikusten ditudala Anne Germain-en emanaldi telebisiboak, denbora-pasa moduan, baina gehiago harritzen naute David Copperfield-en ikuskizun izugarriek, Askatasunaren Estatua jendetzaren begi-bistan desagerrarazi zuenean esaterako, edo Txinako Harresia alderik alde zeharkatu zuenean.
Espirituekin elkarrizketa ongurakoak edukitzeaz gain, Anne Germain reiki masterra da, hau da, saiatzen da gaixoa osatzen eta beronen oreka bilatzen eskuak jarrita. Eskuen bidez unibertsoaren bizi-indarra bideratzen du gaixoarengana, eta hala lortzen du sendatzea. Reikiaren filosofiak sei oinarri ditu, sei lelo edo maxima: «Gaurkoa gaur» (japonieraz politagoa da, Kyo Dakema), «Ez arduratu», «Ez haserretu», «Eskerrak eman», «Gogor ekin lanari» eta «Adeitsua izan besteekin».
Oraindik ere eszeptiko izaten segitzen dut, temati, eta ez dut atzematen nire inguruan jirabiraka dabilenik hildakoen arimarik, baina saiatuko naiz neure egiten reikiaren lehenengo irakaspena: eternal bakarra oraina da; iragana ametsa da eta gerokoa orainaren menpe dago; gaur garena izan garenaren ondorioa da; burua oraingo unean eduki behar dugu, gaurko egunean, oraina delako erreala den bakarra. Ea ikasten dudan to do zerrenda gutxiago zirriborratzen!