GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Maila goreneko aizkolariak ari dira lehian sartzen


J.L.

Urrezko Aizkora unerik onenera heltzen ari da, eta asteburu luze honetan maila handiko aizkolariak ikusteko parada izango da. Asteasun eta Beran izango dira ekinaldiak.

Asteasun bihar izango da saioa 18.00etatik aurrera, eta bertan Atutxa, Senosiain II.a, Mujika, Otaegi eta Mugertza II.a neurtuko dira. Kanporaketa eran jokatuko dira norgehiagokak, eta bi aizkolarik egingo dute aurrera.

Jadanik maila handiko aizkolariak ikusi ahal izango dira. Mugertza, Mujika eta Senosiain pasa den kanporaketatik datoz, eta aurrera egiteko gogoarekin eta asmoarekin joango dira denak. Lan laburrak dira, eta horrelakoetan hutsegiterik txikiena garesti ordaintzen da, eta aizkolariek kontuz ibili beharko dute. Atutxak Binakakoa irabazi zuen Azurmendirekin batera, eta Bakarkakoan bere lehen saioa izango du.

Leku berean beste bi mailetako norgehiagokak ere jokatuko dira. 23 urtez azpikoetan, Alkizalete II.a, Olano eta Otaño neurtuko dira. Proba horretan garaileak bakarrik egingo du aurrera, eta beste biak kanpoan geratuko dira. Olano agertzen da hemen garaipena erdiesteko faborito bezala.

15 urtez azpiko saioa ere jokatuko da, eta bertan Zabaleta, Vicente II.a eta Larrea III.a neurtuko dira. Ligaxka eran jokatzen ari dira maila honetan eta puntuak banatzen dira. Badirudi lehen postua Zabaletaren eta Vicente II.aren artean egongo dela, bai behintzat orain arteko probei begiratuz gero.

Etziko saioak Berara egingo du bisita, 12.00etatik aurrera bertako pilotalekuan jokatuko baitira norgehiagokak. Ohian Larretxea, Senosiain I.a, Rekonso, Saralegi eta Rodriguez II.a lehiatuko dira. Hemen ere estreinako biek egingo dute aurrera, eta, Asteasun bezalaxe, ez da proba erraza izango, lan laburrak baitira. Larretxea agertzen da faboritoen artean. Berako gazteak sekulako denboraldia egin zuen iaz, eta aurtengoan ere bide beretik eta hobetuz joan nahi du. Bere zaleen aurrean hurrengo fasea jokatzeko txartela eskuratzea du helburu Larretxeak.

Beste faboritoa Antonio Senosiain izango da. Olagueko aizkolari beteranoarentzat lan labur hauek onak dira, eta, gauzak ongi joaten badira, hurrengo fasera sailkatzen diren bietako bat izan beharko luke.

Leku berean 15 urtez azpiko beste jardunaldi bat jokatuko da. Bertan Etxeberria II.a, Vicente II.a eta Zabaleta lehiatuko dira. Azkeneko bi horiek bezperan ere saioa izango dute Asteasun, eta ez dute atsedenerako tarte handirik izango. Etxeberriak, berriz, pasa den asteko saioa irabazi egin zuen, itxura bikaina emanez. Felix Etxeberriaren semea da. Hiru aizkolarien arteko norgehiagoka oso estua eta ederra iragartzen da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo