GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

igor elortza, Ikastolen Elkarteko 38 lankideren izenean

Aitor Esnaolari gure epela

Azkenaldiko tortura kasuen eta testigantzen ilara luzea ari da izaten. Torturak dagoeneko izen asko eta aurpegi gehiago ditu. Lantokiek gizarte txiki bat osatzen dute, aterpe berean ordu luzez egote hutsa zein proiektu berean parte hartzea elkarbizitza txiki bat da. Aitor Esnaola gure gizarte txikiko kide da. Aitor torturatua izan da. Tortura testigantza basatiak irakurri ondoren, ezin dugu mutu egon. Sotoko espetxean delarik, bost egunetan bizi izan dituen tortura basatien testigantza egin du. Polizia etxean egon zen bitartean «30 aldiz hil» zela salatu du Aitorrek, baieztapen honek muga edo amildegi baten ertza azaleratzen digu, Aitorrek bizi izan duen infernuaren muga. Praktika hauek bizikidetza zibilizatu bati eta gizakiaren duintasunari egiten diete eraso. Legeak ezarritako mugak gainditzeak Zuzenbide Estatu ahul baten aurrean jartzen gaitu.

Giza Eskubideen Europako Auzitegiak Espainia bi aldiz kondenatu du tortura kasuak ez ikertzeagatik. Legea beste behin urra ez dezan, tortura kasuon ikerketa eskatu beharko genioke entzungor egingo digun estatu bati. Aitorren lankideok inkomunikazioa gaitzesten dugu eta torturak ekiditeko neurriak sistematikoki aplikatzeko eskatu beharrean gaude, ez aterpe honetan ez eta Euskal Herriko beste inongo etxetan tortura ez dadin sufrimendu iturri bihurtu.

Testigantza horiek sortutako zirrarak lankidea babestera bultzatu gaitu, besterik ez bada gure hitzen epeltasuna bere ziegara iristea nahi genuke. Besarkada estu bat lankide!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo