GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Maider Eizmendi, Kazetaria

Begiradak lasaitzeko keinua

Tematuta nengoen. Orain bi aste izenpetu nuen zutabeari azken puntua jartzen ari nintzela erabaki nuen, hurrengoa irribarreka idatziko nuela, umoreari helduta, egunerokoaren xelebrekeriak hizpide hartuta; zurrunbiloan maiz ezkutuan geratzen diren keinu txiki horiez, begirada zirikatzailea jarriz gero, agerian geratzen diren horiez.

Inguruari begira ari naizela, ordea, buruan burrunbaka dabilzkidan begiradek lausotu dute nirea. Aita baten oihuak irudikatu ditut, etxepean, gau ilunean, batera eta bestera dabilela, egonezinak jota, semea etxetik noiz aterako zain. Hari ari zaio, «eutsi!» deiadarka, lasai egoteko behin eta berriz eskatzen, aurrean begiak soilik erakusten dituzten haiei begiratu gabe. Barren-barrenetik datozkio hitzak, urdailetik ahora zuzenean. Bere begiek ere asko dute esateko, oihuka ari dira haiek ere, baina haiei ezin die semeak begiratu, burua estalita atera dute-eta.

Mahai baten parean jarrita, iluntasunean igarotako egunek oraindik ere eragiten dioten itolarriarekin, deskantsu handirik hartu gabeko beste begi batzuk egin zaizkit oroimenean ikusgarri. Aurrera begiratzen dute, baina aurrean dutena ikusi gabe apenas. Amorrua irakur daiteke haietan, ezintasuna, oihu egiteko premia berriz ere, baina anaia dagoeneko etxetik urruti dute. Askorenak irudikatzen dituzte bi begirada hauek, batzu-batzuk badatozkit burura, luze pentsatzen jarri gabe.

Begirada zirikatzailea zorrozten hasi eta hitzez mintzo diren bi begirada zorrotz aurpegiratu zaizkit. Zirikatzeko premiarik gabe, agerian, askoren azalean inskribatuta dagoen errealitateaz hitz egiten dute.

Asko eta argitasunez adierazten dakiten begiez probestu gaituzte. Entzuten ere jakin beharko lukete, handitutako begi zorroak irakurtzen, dir-dir egiten ez duten begiek zer esan nahi duten interpretatzen, begi-oihuak atzematen eta haiek goxatu eta lasaituko dituen keinu sortarekin erantzuten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo