GARA > Idatzia > Iritzia> Ikusmira

Txernobil, ikasi beharreko lezioak

Historiaren sarkasmoak eraginda, Gernikako bonbardaketa eta Txernobilgo eztanda nuklearra egun berean gertatu ziren. Alemanek Gernika fosforo gorritan kiskali zuten egun berean, argi urdinezko zutabe izugarri batek -ionizatutako airea- bi egunez argitu zuen Txernobilgo zerua, isotopo erradioaktiboen dutxa hilgarria eraginez. Gernika eta Txernobil ikasi gabeko lezioak dira bonbardaketak eguneroko ogia diren munduan, hondamendi nuklearra gaurkotasun izugarriko auzia den munduan. Historia errepikatu, agian, ez da errepikatuko, baina aukera izan badagoela begi bistakoa da.

Alemanak Gernikara etorri eta joan egin ziren. Erradioaktibitatea, aldiz, etorri eta luzerako egongo da Txernobilen. 25 urte geroago, eraiki zuten altzairuzko sarkofagoak ihes erradioaktiboak ditu, eta, hala, zesioak, estrontzioak, plutonioak eta uranioak eragindako kalteak ez du etenik. Bonbardaketa isil eta ikusezinak bizirik dirau. Eta, kasu honetan, lezioa ikasteko modukoa da.

Energia atomikoa ez da mugagabea, ez da doako menu fantastikoa, ezta lobby nuklearrak hitzemandako argindar garbi agorrezina. Baina, agian, gure behar energetikoen soluzioa ez dago ez hornikuntzan ez eskaintzan, eskaeran baizik. Agian, gutxiago gehiago dela eta txikia zinez ederra dela barneratuz, ekonomiak -eta hazkundearen beraren logikak- gure munduaren indar ideologiko menderatzailea izateari utziko dio.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo