GARA > Idatzia > Euskal Herria

San Prudentzio jaiez gozatuko dute Lazkaon gaurtik igandera bitartean

Ekintza mordoa antolatu dute Lazkaon datozen egunetarako. Izan ere, gaur eguerdiko txupinazoarekin batera, herria festan murgilduko da. Igandera bitartean, kontzertuak, ekitaldiak, haurrentzako jolasak edota kirol saioak antolatu dituzte, San Prudentzio festek merezi dute-eta.

p018_f0251339.jpg

GARA |

Gaur eguerdian hasita, igandera bitartean ospatuko dituzte Lazkaon San Prudentzio jaiak. Horrenbestez, Goierriko herrian egitarau bete-betea prestatu dute datozen egunetarako. Suziria jaurtitzearekin batera ekingo diote festari, 12.00etan puntuan. Suziria bota eta udaletxeko balkoitik bandoa irakurri ostean, Oria txarangak alaituko ditu herriko txokoak.

Mozorro eguna da gaurkoa, eta hori goiz-goizetik nabarituko da Lazkaon. Ilunabarrean, berriz, 20.00etan, «Il Criceto» ikuskizunak gozaraziko ditu herritarrak. Haurrentzako berbena ere izango da arratsaldean zehar. 23.00etatik aurrera, azkenik, Limbo Bridge eta Drindots taldeek kontzertua eskainiko dute.

Biharko ere egun osoko egitaraua dute prestatua. 11.00etan Orin Arin eta Lazkaotxiki musika eskolako ikasleek festa giroko emanaldia eskainiko dute Txindoki gerontologikoan. Eguerdian herri kirolen txanda izango da, Urrezko Aizkorako kanporaketa jokatuko baita plazan. Lazkaotxiki musika eskolako trikitilariak bertan izango dira.

Arratsaldean buruhandiak izango dira Lazkaon, Antzar Gazteak taldeko txistulariek girotuta. Jarraian herriko ikasleek play black saioa eskainiko dute plazan. Ostean Egan taldeak hartuko du lekukoa. Eguneko momentu gorena 22.30ean iritsiko da, helduen danborrada aterako baita San Prudentzio auzotik.

Osteguna, egun handia

Ostegunean goizean goizetik emango diote hasiera San Prudentzio egunari, herriko txistularien eresiarekin. 10.30ean prozesioa egingo dute San Prudentzio ermitara, eta bertan meza nagusia izango da. Arratsaldean, XXXI. Dantza Askeko Txapelketa ospatuko da plazako pilotalekuan. Gauean, berriz, Korrontzi musika taldearen eta Oinkari dantza taldearen emanaldiak izango dira.

Ostiralean, bestalde, haurrentzako parke erraldoia izango da egun osoan zehar. Sardina jana ere izango da plazan.

Koadrilen eguna izango da hilaren azken egunekoa. Goizean elite mailako txirrindulari lasterketa izango da. Eguerdian, Incansables txarangarekin bat, koadrilen bilkura egingo da. Gauean, berriz, Sorkun eta Reincidentes taldeen kontzertua izango da.

Azken egunean, igandean, festei amaiera ederra emango diete lazkaotarrek. Toka lehiaketa herrikoia egongo da goizean; arratsaldean, berriz, herriko txikien danborradaren txanda izango da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo