MUSAC museoa: kima luzeak eta ahutz lotsatiak
Leon hiria lehen aldiz bisitatzen duen oro harritu egingo da monumentu honen kolore biziak eta arkitektura zorabiotsua parez pare aurkitzean. Ez, ez da hiriko katedral ezaguna, MUSAC da, arte munduan oso ezaguna izanik ere, bisitari askorentzako sorpresa aparta.
Haizea BARCENILLA I
Artearen mundura ez da iritsi berria: 2005ean ireki zituen ateak Gaztela eta Leongo Arte Garaikideko Museoak, MUSACek, su artifizial ugariz lagunduta. Zentroak inauguratzeko unea zen, Gasteizeko Artium bera jaioberria zen oraindik, eta Iberiar penintsulan zehar zintak moztu eta moztu zebiltzan kultura kontseilariak. Eraikinak jaso dituen nazioarteko sari guztiek ere ezin dute aldatu bisitatzerakoan izaten dugun lehen sentsazioa: estralurtar baten aurrean gaudela dirudi. Izan ere, MUSAC eraiki bitartean, bi motatako eraikuntzak zeuden Leonen: alde batetik, historikoak eta ikaragarriak; bestetik, garaikideak eta apalak. Egun MUSAC ere badago.
Hasiera-hasieratik festa bat izan zen MUSAC, diruz eta arriskuz beteriko museoa. Dena zen handia, instalazio guztiak biziak, ikusgarriak eta deigarriak; artelanen kalitateari zegokionez, ordea, mutur batetik bestera jo zezakeen ildoak hilabete pare batean. MACBAk (Bartzelonako Arte Garaikideko Museoa) kontzeptualtasunaren eta keinu sinpleen alde apustu sakona egiten zuen bitartean, MUSACek txanponaren beste aurpegiaren papera hartu zuen, handitasuna eta ikusgarritasuna bultzatuz. Erakusketen kalitatea ziurtatzea beti posible ez zen arren, bazituen MUSACek hainbat gauza on; indarrez iritsi zen lantalde oso gazte eta hasiberri baten eskutik, gaur egun imajinatzen zaila den bidea abiatu zuen, eta ikuspegi kritikoa eta jakinduria praktiko bikaina uztartzen zituen Hezkuntza Departamentu interesgarri bat jarri zuen martxan.
Garai horrek lau urte iraun zituen, Rafael Doctor zuzendariak 2009an postua uztea erabaki zuen arte. Bere lekua Agustin Perez Rubiok hartu zuen, hasieratik komisario lanetan aritutakoa, eta lehen momentutik desberdintasunaren kutsua eman nahi izan zion museoari. Kutsu horren bidez gaurkotasunarekin bat datozen hainbat instituzio eta pentsamenduetara hurbildu nahia azaleratu zen, handinahia baztertuz eta zuzenagoak eta zorrotzagoak diren praktikei espazioa utziz. Ustez, behintzat, hori da jarraitu nahi den bidea. Eta horretan aipagarria da euskal artista eta komisariek izan dezaketen garrantzia.
Laborategiak
Agustin Perez Rubiok egin zuen lehen apustua museoaren espazio erraldoiak laborategi bihurtzea izan zen, eta, horretarako, Proforma proposamena jarri zuen abian. 2010eko urtarrilean, Txomin Badiola, Sergio Prego eta Jon Mikel Eubaren lanekin aurre-erakusketa bat ireki zuten, eta, ondoren, 40 egunez, artista gazte talde batek lan horien gainean hainbat tailer eta jarduera egin zituen hiru «maisuekin». Horrenbestez, erakusketak hasierako garai bat, transformazio prozesu ireki bat eta emaitza horien azken mostra bat izan zituen. Formatu guztiz berezia zen, lana, prozesu artistikoa eta erakusketa uztartzen zituena, eta garai berri baten doinua ekar zezakeena; museoa, lanak bildu eta erakustera mugatu beharrean, bestelako sorkuntza espazio aktiboen bultzatzaile bihurtzen zen. Tailerretan parte hartu zuten artista gazteek asko ikasi zutela adierazi zuten arren (egun inon ez dira hiru gazteok hiru izen nagusiekin batera egile bezala agertzen, beraien lana funtsezkoa izan zen arren egin beharreko aldaketa guztiak egiteko), oraingoz ez da formatu esperimentalen jarraipenik sumatzen, eta egun museoan dauden erakusketak bisitatzen dituenak ez du zintzotasun formalaren gainetik Proformaren sentipenik jasoko.
Zuzendari berriaren beste aldaketa aipagarria Laboratorios 987 espazioaren kudeaketa izan da. Museoa sortu zenean, espazio hori artista gazteen produkzio espezifikoari zuzendu zitzaion, eta espazioa Tania Pardo komisariaren eskuetan utzi zen, garai horretan 30 urte bete gabe zituena. Probak egin eta arriskuak hartzeko espazioa zen, ehunka metro karratu bete behar izan gabe artista berriei banakako erakusketak egiteko aukera ematen zien espazioa.
Pardok lana utzi zuenetik, Perez Rubiok beste izaera bat eman nahi izan dio, urtez urte komisarioz aldatuz eta balore seguruetara joz. Aurtengoan Latitudes bikotea dago karguan, mundu osoan aitortutako kolektiboa, eta, 2012an, Rekalde aretoan hiru urtez komisario izandako Leire Vergarak hartuko du ardura. Arriskua alde batera utziz, laborategien maila altua ziurtatu nahi du zuzendari berriak, eta hala da: orain ikusgai dagoen Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen erakusketak espazio nagusietan dauden proposamenei itzala egiten die kasik. Latitudes zein Vergararen lana berriz ere ikusteak poztasuna badakar ere, aipatzekoa da gazteriari eta ezezagunari espazioa uzten dioten instituzioak gero eta gutxiago direla, programak narrazio zabaletan sarrarazteko ahaleginak direla-eta, dirudienez.
Lanaren gaineko gogoeta plastikoa
Latitudesek komisariatutako zikloaren barnean aurkezten dute Gure Artea sariaren azken irabazle diren Iratxe Jaiok eta Klaas van Gorkumek beraien azken lana. Artista bikotearen bereizgarri diren sinpletasun plastikoa eta naturaltasun zintzoa dira nagusi proposamen honetan. Klaasen aitona Jos van Gorkumek erretiroa hartukoan egindako egurrezko altzariak dira artisten abiapuntua. Urteetan helizeak egiteko fabrika batean lan egin ondoren, ostiral arratsaldeetan lantegiko makinaria erabiltzen uzten zioten lankideek; horrez gain, egur tornu bat ere oparitu zioten erretiroa hartutakoan. Hala, Jos katalogo eta altzari liburuetatik marrazkiak mozten eta gordetzen joan zen senide zein bizilagunentzat piezak ekoizteko asmoz.
Erakusketarako, Jaiok eta Van Gorkumek aitonak utzitako altzari asko berreskuratu dituzte, aurretik beraien egonlekuetan erretratatuz; bestetik, helize fabrika, tornu lana eta irudiak eskaneatzeko modua erakusten dituzten hiru bideo landu dituzte. Apala da mostra, inolaz ere arranditsua; alde batetik, lanaren gaineko gogoeta bultzatzen du denbora librea, zaletasunak eta produkzioa uztartuz, eta, bestetik, artistaren lanaren gaineko galderak jartzen ditu mahai gainean. Zein da gaur egun eskulangintzaren eta artearen arteko harremana? Eskulangintza artetzat jo al daiteke? Zein da kontzeptualizazioaren papera sorkuntzan? Eta bakoitzaren definizioan eta subjektibotasunean zein eragin du lanak eta zein afizioak? Izan ere, norberaren burua artistatzat definitzeak badu aldarrikapen pertsonalaren kutsua. Baina, ez al du, modu berean, norberaren burua langiletzat, arrantzaletzat edo abokatutzat definitzeak? Josek berak zaletasun bezala ulertzen zuen bere eginkizuna, baina, artistaren lana hautatutako eta maitatutako lanbidea denez, zaletasuna ere ba al da aldi berean? Nola definitu lana, beraz, eta nola zaletasuna?
Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumen obrak ez ditu erantzunak ematen: galderak egiten ditu. Arte garaikideari buruzko topiko bat dirudi esaldi horrek, baina gutxi dira zinez ikuslearekin identifikazioa lortu eta bere eguneroko bizitzarekin zerikusia duten galderak pizten dituzten proposamenak, artearen esparrutik eta artearen ikuspegi kritiko batekin. Josen objektuak bizi-espazioetan lekua hartzen dutenean, ez dira beste egurrezko altzarietatik desberdintzen. Aldiz, erakusketan, ez dituzte beren buruak bakarrik erakusten; halaber, objektuak egiteko erabilitako orduak, lan esparrutik kanpo hautatutako eginkizuna, bakoitzaren gustuak eta definitzeko sistemak errepresentatzen dituzte.
Sinpletasunez jantzita, hurbila eta hunkigarria da Jaio eta Van Gorkumen proposamena, aurreko MUSACeko espektakulu espirituarekin kontrastea sortuz. Hala ere, beste erakusketak bisitatzerakoan, proposamen oso baten falta nabari da. Itxurak mantentzen dira, erakusketak bizi daitezke banan-banan, baina koherentzia eta kalitate maila ez dira berdinak batetik bestera. Badirudi oraindik definizio berriaren bila dabilela museoa Perez Rubioren eskuetan, norabide berria ezarrita izan arren oraindik ere hartu gabe balu bezala. Egon beharko gara etortzen zaizkigun hurrengo emaitzen zain, definizio hori benetakoa edo itxurazkoa ote den juzgatzeko.
Garai berri honetan, orain arte isilpean mantendu diren departamentu batzuk emantzipatu eta haien eginkizuna ikusgarri egiten ari dira. Hori da, esaterako, Hezkuntza Departamentuaren kasua, proiektu guztiz berritzaileak jarri baititu abian. Horren erakusle dira kartzelaratutako emakumeekin lau urtez garatutako jabekuntza tailerrak, presoak “Hipatia” izeneko aldizkaria editatzera eraman zituen prozesu interesgarria. Liburutegiak ere erakustoki izatetik eragile izatera igarotzea erabaki du: erakusketez gain, tailer zein mintegiak ere antolatzen ditu Internetek arte zentroetan eta bertako dokumentazio espazioetan izan dezakeen garrantzia eta eskain ditzaketen aukerak ebaluatzeko. H. B.