GARA > Idatzia > Euskal Herria

Sirena soinuak entzungo dira Gernikan orain 74 urteko bonbardaketan bezala

GARA |

Urtero apirilaren 26an egin ohi duten gisan, herria suntsituta utzi eta ehunka hildako eragin zituen 1937ko bonbardaketa gogora ekarriko dute gaur Gernika-Lumon. Alemaniako Kondor legioko hegazkinek bonbardatu zuten Gernika Franco diktadore espainolaren agindupean; arratsalde hasieran hasi ziren hegazkinak bonbak jaurtitzen eta lau orduz iraun zuen erasoak. Udalak zein herriko elkarteek antolaturik hainbat ekimen izango dira gaur gertakari hura oroitzeko.

Bonbardaketaren ikerketa lanetan diharduen Gernika Batzordeak 74. urteurrenean Gernikako bonbardaketak sortu zuen «amorru sentimendutik» abiatu eta «sumindura errealitatea aldatzeko indar emankor» bihurtzeko deia luzatu du. Gaur egun «Euskal Herriaren eta herritarren eskubideak bonbardaturik ikusita, sutan jarri eta ekintzetara pasatzeko» garaia dela aldarrikatu zuten. Besteak beste, «krisialdia ekarri diguten bankuen galerekin», langileek urtetako borrokaz lorturikoak «pikutara botatzearekin», euskararen egoera «itogarriarekin» edo «komisarietako tortura sistematikoekin» amaitzeko garaia dela diote Gernika Batzordekoek.

Hala, duela 74 urte erasoan hil ziren guztiei ohore eginez, hainbat ekitaldi prestatu dituzte gaurko. Azken hiru hamarkadetan egin duten gisan, arratsaldeko eraso hura gogoratuz 15.45ean sirena hotsak entzungo dira herrian zehar. Iluntzean, berriz, 21.30ean, manifestazio isila egingo dute eskuetan kandelak hartuta.

Zertxobait lehenago, 20.00etan, Carlos Panerak zuzenduta bonbardaketaren ondorengo orduak antzeztuko dituzte 150 bat gernikarrek Merkurio iturrian hasita. Jon Lopategi, Onintza Enbeita, Edorta Jimenez edota Joseba Sarrionaindiaren hitzak biltzen dituen «Gernika sutan» antzezlana herriko kaleetan eskainiko dute. Antzezlanaren egitura musikala da; hain zuzen ere, kantuz eta bertsoz osatuta dago. Aktoreak, berriz, herritarrak izango dira, adin askotariko gernikarrak; Carlos Panera zuzendariak gidatzen duen Maskarada antzerki taldekoak arduratuko dira ekoizpenaz.

Gerry Adamsi Bakearen saria

Udalak gidaturiko ekitaldietan, «The Times» egunkariko George Steer kazetaria omenduko dute 11.30ean, haren jaiotzaren mendeurrenean. Ordu erdi geroago, VII. Bakearen eta Adiskidetzearen Gernika Saria banatuko dute. Aurtengoan, Gerry Adams politikari irlandarrari emango diote saria Irlandako bake prozesuan izandako jarreragatik. Politikari irlandarra ez da Gernikan izango.

Arratsaldean, bestalde, 16.30ak inguruan Zalloko hilerrian errespontsua eta lore eskaintza egingo dute hildakoen omenez. Bertan izango dira, gainera, Lakuako bozeramaile Idoia Mendia, Bizkaiko kultura diputatu Josune Ariztondo, Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Madariaga eta Gernikako alkate Jose Maria Garrońo. Bakearen Museoan Jon Iturrate artistaren «Gernika» ikus-entzunezkoa eskainiko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo