Sarako Idazleen Biltzarra
Sara, euskal literaturako nobedadeen udaberriko erakusleiho
Sarako Idazleen Biltzarraren 28. edizioa iragan zen atzo. Ehunka idazle bildu ziren bertan beren liburuak zuzenean irakurleei aurkezteko. Idazleekin batera, Euskaltzaindiak ere lau argitalpen berri aurkeztu zituen.
Ainize BUTRON |
Tradizioari eutsiz, Pazko astelehenaren karietara, ezinbesteko hitzordua zuen atzo euskal literaturak Sarako kiroldegian. Egun guztian zehar euria nagusi izan bazen ere, kiroldegian babesturik jarriak ziren argitaletxe eta idazleen erakusmahaiek ikusle eta literaturzale ugariren bisita izan zuten.
Sarako Idazleen Biltzarra zen, beraz, atzoko hitzordua. Goizeko hamarretan ateak zabaldu ondoren, Euskal Herriko txoko guztietatik hurbilduriko ehunka lagun bildu ziren liburu eta idazleen artean udaberriko literatur uztaren berri ukan nahian. Alde horretatik, Idazleen Biltzarraren 28. edizioa aberatsa izan zen zinez.
Bildutako argitaletxe eta elkarte ugarien artean, Elkar eta Atlantica argitaletxeak eta Maiatz literatur elkartea izan ziren nobedade gehien azaldu zituztenak. Biltzarraren antolatzaileek beraiek goraipatu zuten aurtengo edizioan argitalpen berriek izandako presentzia handia. Hori Ipar Euskal Herriko idazleen dinamismoaren ispilu dela ere nabarmendu zuten.
Elkar argitaletxekoa zen kiroldegian sartu eta bisitariei agertzen zitzaien lehen erakusmahaia. Argitaletxearen haur eta helduentzako salmenta gunean, 2010eko bukaeratik 2011ko martxora bitartean kaleratutako Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako liburuen idazle guztiak bildu ziren.
Horiek horrela, Sarara hurbildu ziren guztiek Jean Pitrau zuberotar sindikalistari buruzko liburua idatzi duen Aguxtin Errotabehere kazetari ohiarekin, «Senperetik Senperera» liburua idatzi duen Franck Dolosor kazetariarekin, Beatrice Urruspil «Gizaki Bakartiak» eleberriaren egilearekin eta Xipri Arbelbide «Sorgiñak, lehen eta orain. Afrikan eta hemen» lanaren idazlearekin izateko aukera ukan zuten.
Maiatz literatur elkarteak, bere aldetik, kiroldegiaren bazter batean kokatu zuen bere erakusmahaia. Tarte zabal bat zeukala, hamar bat idazlez inguraturik Luzien Etxezaharreta elkarteko lehendakariak literatur gai ezberdinak aipagai dituen Maiatz literatur aldizkariaren 52. zenbakia zuen salgai.
Etxezaharretaren ondoan, berriz, Eñaut Etxamendi idazle eta kantaria zegoen bere idazlanen bildumekin egindako lau liburuekin. Odon Noblia idazle gazteak «Biziaren bidean» liburua eta Xabi Soubeletek «Iza ote Iza?» olerki bilduma aurkeztu zituzten. Etxamendiren liburuak aipatzerakoan, Etxezaharretak beste hiru ale kaleratzekotan direla gogoratu zuen.
Atlantica argitaletxeak, bere aldetik, frantsesez idatzitako liburuak azaldu zituen gehienbat. Horien artean, hurbildutako irakurle askori deigarria egin zitzaien Jean D'Aragonek idatzitako «Le Basque classique ou européeen : l'étrusque».
Ohi den bezala, idazleekin topatzeko eta mintzatzeko aukera ezin hobea izan zen atzokoan Saran. Hori baliatuta, liburuak erostearekin batera, asko eta asko idazleen sinadurak eskatzen aritu ziren.
Askotariko gaiak
Saran ehun bat idazle izanik, ez da harritzekoa Euskal Herriaren hamaika irudi emanak izatea bertan bildutako liburuetan. Begiraleak Donibane Lohizuneko elkarteak «Monzonen antzerki kaierak» azaldu zuen, Fred Ford olerkaria bere azken idazlanekin hurbildu zen, Christian Lapreriek «Histoire de la musique basque» deskubritzeko aukera eman zuen eta Joxemari Iturrioz senpertarrak bere aitari buruzko «Manuel Iturrioz borrokalari baten bizipenak» idazlana agertu zuen.
Biltzarrak ateak zabaldu bezain laster, Euskaltzaindiak kaleratu dituen azken liburuen azalpena egin zuen. Andres Urrutia euskaltzainburua Saran zela baliatuta, honako lau liburuak aurkeztu zituzten: Jüje Etxebarnek egindako «Gramatika emendakinak; Zuberoako euskaraz» lana, Txomin Peillenen eskutik «Egiategiren filosofo huskaldunaren ekheia» idazlana, «Kadet eta Bettiriño» Manuel Padillak landuriko lana, eta, azkenik, «Alegiak eta bertze neurtitzak» Gratien Adema Zaldubirena.
Ondotik, Eusko Ikaskuntzak tarte bat izan zuen urteroko bekak emateko. Hamar bat ikasle izan ziren bertan, urtero Sarako Idazleen Biltzarrean egin ohi den bezala bekak jasotzeko, eta, ostean, banan-banan, egin beharreko lanaren berri emateko.
Biltzarreko ekitaldi nagusia, aldiz, eguerdian egin zen. Bi urtetik behin Saran pertsonaia edo elkarte bat ohoratzen dute, eta, aurten, Jose Miguel Barandiaran zena omendu zuten. Horretarako, Euskal Kultur Erakundeak eta Sarako herriko etxeak euskaraz eta frantsesez kaleraturiko «Sara, ikerlan etnografikoa» liburua aurkeztu zuten. Barandiaranek Sararen gainean egindako ikerketa gehienak bildu dituzte bertan. Arratsean, azkenik, idazleek aurkezpenak egin zituzten.