GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Mren Salegi Urbieta | Donostia

Gutun irekia Donostiako alkateari

1975ean Grosen egindako manifestazio batean poliziak erail zuen Jesus Garcia Ripaldari omenaldia egin diozula jakin dut. Hasteko, manifestaziokidea izan zen Jesusen senideei nire elkartasuna eskaintzen diet. Baina egonezina eta haserrea dira berriak sortarazi dizkidan sentimenduak, omenaldi txiki hau inguratzen duten zirkunstantziengatik, igaro den denboragatik eta egiteko unearengatik, udal hauteskundetatik hain gertu.

Donostiako Udalak, beste biktimak omendu dituen bezala, Jesus ere omentzeko aukera asko izan ditu, baina Justizia Ministerioak Jesusek «arrazoi politiko eta ideologikoengatik jazarpena eta indarkeria» pairatu zituela ziurtatu arte ez du ezer egin. Elorza jauna, manifestazio batean eraildako pertsona batek biolentzia jasan zuela, «gehiegikeria polizial» baten biktima izan zela, zalantzan al zenuen?

Urte asko igaro dira indar parapolizialen esku gertatutako erailketa horretatik eta beste batzuetatik hona. Eta zuk, Donostiako alkate gisa, urte asko izan dituzu omenaldi hau egiteko, baita indarkeria estatalaren biktima izan diren beste donostiarrei omenaldiak egiteko ere. Gehiegi dira ahaztu nahi izan dituzten eraildako donostiarrak, omenaldi ofizialik egin gabe, eta, okerrago oraindik, familien omenaldiak bortizki erreprimitzen. Gehiegi dira ofizialki ahaztuak eta isilaraziak izan diren biktimak. Biktima izateko Justizia Ministerioaren ziurtagiria behar ez duten biktima hauekin ere zor handia duzu.

Baina hobe berandu inoiz baino. Horregatik, azkenean Jesus Garcia Ripaldari aitorpena egin zaion bezala, azkenean luzaroan egia ezkutatu ondoren Herri Batasunako zinegotzia zen Tomas Alba Irazustaren omenez udaletxe barruan jarrita dagoen plakan bere hiltzailea Batallón Vasco Español izan zela aitortu den bezala, zure eta korporazioaren aldetik biktimen memoria lehengoratzen jarraitzea espero dut, aitorpen publikorako behar den publizitatea emanez, eta, horretarako, benetan Egiaren Batzorde eraginkor bat sortuz.

Zure hitzak aipatuz: «Eraildako pertsona bakoitzak, eta baita biolentzia jasan dutenek ere, herritarren eta erakundeen oroimen eta elkartasun aktiboak merezi dituzte». «Horregatik memoria berreskuratzera eta bakea eta askatasunarekin dagoen konpromisoa betetzera behartuta gaude, biktimekiko gure elkartasun gogotsuena azalduz».

Egiaren Batzordeak biolentzia estatal eta parapolizialaren biktimak diren donostiarren oroimena lehengoratzeaz gain, ezin dira ahaztu gure hirirako lan egin duten pertsona errepresaliatuak. Ezin dira ahaztu 36ko altxamenduan eta ondorengo gerra zibilean espedientatuak edota eraildakoak izan ziren udal langileak. Artxibo oso bat dago ikertzeko eta izen asko ezagutzeko, oroitzeko eta omentzeko. Pertsona horiek guztiek duintasuna izan zuten. Saiatu gaitezen guztiok haien mailan jartzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo