GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Roberto Manjon Lozoya Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko kidea

Rafael Bengoaren miztoa

Euskararen erabilera kendu du zerbitzuen kalitatea neurtzeko parametroetatik. Jakina! Euskal zirujauak ez daki operatzen, euskara dakien medikuak gehiago baitu petrikilotik Hipokratestik baino

Bengoak Osasun sailburuaren besaulkia hartu orduko gogotsu ekin zion euskarak Osakidetzan duen estatus ahula gehiago ahultzeari. Horrela, Vocentoko egunkarien bidez, PSE-PSOEk erakutsi dion bideari jarraituz, ez du lotsarik izan iritzi publikoa ideia faltsuekin kutsatzeko, hala nola euskararen ezagutzak medikuen gabezia handitzen duela edo mediku euskaldunak erdaldunak baino eskasagoak direla. Itxuraz, medikuntza jakin ez edo esperientziarik gabe, txapelaren truke, lanpostua eskuratzen dute. Ez du inolako daturik eman, baina ez dio ardura: gezurra bota eta bolo-bolo ibiliko da «El Diario Vasco»-ren munduan.

Baina noizbait konturatu zen Gobernuko kidea batek ezin duela propaganda merke horrekin jarraitu, askoren sailburua dela, ez Basagoitirena bakarrik, eta autonomia erkidegoan oso zabalduta dagoela bertoko hizkuntzaren aldeko sentikortasuna. Eta hara non Bengoak inoiz izandako euskal bokazioa berraurkitu eta euskararen aldeko adierazpenak egiten hasi zen, Patxi Lopez bera aitzindari. Osakidetzan euskaldunen alde egin nahi omen zuen, baina askatasunez, eta euskaldunak ez diren herritar guztien berdintasuna bermatuz. Espainiar askatasuna. Nolakoa ordea? Jende aurrean aldarrikatzen dituen asmoen kontrakoa egitekoa.

Borondate ona erakutsi bide zuen euskaldunei buruz hitz egitera oholtzara atera zen lehenengoan, esanez Osakidetzako teknikariek euskara sustatzeko mahai- ratutako hamalau neurriak bultzatzera zetorrela. Euskara Plana amaitu hurrean dela, ez du bete funtsezko neurri bat ere: zerbitzu elebiduna eskaini ahal duten unitateak eta langileak herritarraren aurrean identifikatzea; lehentasunez euskara erabili nahi duten herritarrak Osakidetzak identifikatzea; herritarrak tokian tokian informatzea mediku elebiduna aukeratzeko duten aukera errealaz; langileen partaidetza bultzatzea; Osakidetzako langile guztiei hizkuntza ofizialak erabiltzeko irizpideak eman eta berorien betetze-graduaren jarraipen serioa egitea.

Berriki, Bengoari Legebiltzarrean gogorazi diote anbulatorioetako medikuek tratamendu-orriak erdara hutsean ematen dizkietela herritarrei, eta ez duela ezertxo ere aurreratu herritarrek Osakidetzarekiko harremanetan lehentasunez nahiago duten hizkuntza erregistratzeko helburuaren arloan, nahiz eta Euskara Planak betebehar horiek azpimarratu. Sailburuak, berriz, txipiroi baten antzera, tintazko zorrotada bat eman du erantzuntzat, galdetu ez diotenaz hitz eginez. Joko malabaretan eta ezkutaketa-jolasean ere ez da makala, barregarria, zinez, herritarren eskubideak jokoan ez baleude.

Hori guztia gaitz erdi, egin ez duenari begiratu ordez egin duenari erreparatzen badiogu. Ausardia izan du, balentria paregabea, Legebiltzarrean baieztatzeko krisi garaian euskararen aurrekontua handitu duela. Gehikuntza magikoa, antza, Osakidetzako erakundeen aurrekontuetan (programa-kontratuetan) euskararentzako atalik ez dagoelarik. Handik hilabete gutxira, ordea, euskara ikasteko liberazioak %25 gutxitu ditu, hots, gastuaren gehien-gehiena. Kopetan azala eduki behar.

Baina jokaldi are hobea izan du gerturik. Euskara Planaren muinean, hizkuntza-eskubideen babesa ez ezik, euskara eta kalitatearen arteko lotura ere dago. Izan ere, euskaldunei kalitate bereko zerbitzuak bermatzea hartzen du ardatz, Plana justifikatzen duen dekretuak argiro aldarrikatzen baitu, ikuspegi moderno batetik, komunikazioaren hurbiltasuna garrantzi handikoa dela asistentziaren kalitaterako. Bengoaren lehenengo ekimen estrategikoa, ordea, euskararen uztarri hori errekara botatzea izan da. Kolpe batean, dekretua argiro urratuz, euskararen erabilera kendu du zerbitzuen kalitatea neurtzeko parametroetatik. Ondoren, Osakidetzako Zuzendaritzak, nagusiari jarraiki, euskararen galdera kendu du herritarren asebetetzea neurtzeko inkestetatik. Jakina! Euskal zirujauak ez daki operatzen, euskara dakien medikuak gehiago baitu petrikilotik Hipokratestik baino.

Eta horrela, trikimailuen artean heltzen ari gara Osakidetzako Euskara Planaren amaierara. Bengoa Osasun Sailera heldu aurretik Planaren garapen-gradua ez zen bolanderak botatzeko modukoa, ezta hurrik eman ere!

Dena den, gaitz bakoitzak dauka bere gaitzago: Jaurlaritza berria eratzearekin bat, Plana atzera doa, eta zabuka, inertzia hutsez. Oraindik bizirik bada, Osakidetzako teknikarien lan onari esker da noski. Aldiz, Bengoari entzunda, berebiziko ahalegina egiten omen dabil euskaldunen alde. Diskurtso biperakara.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo