GARA > Idatzia > Ekonomia

France Telecom-Orangeko langile bat hil da Merignac-en, bere buruari su eman ostean

p026_f01.jpg

GARA | BORDELE

France Telecom-Orange enpresako langile bat bere buruari su emanda hil zen atzo goizean, telefonia enpresak Bordele inguruko Merignac hirian duen lantokiko aparkalekuan.

Sorospen zerbitzuak bertaratu zirenerako, 57 urteko gizonezkoa gorpu zen. Langileen higiene eta segurtasunerako zerbitzuetan egiten zuen lan eta CGT sindikatuak adierazi zuenez, ezarri zizkioten «mugikortasun baldintzak oso gaizki zeramatzan». Berriak sekulako zirrara sortu zuen bere kideren artean.

35 suizidio, bi urtean

Urte batzuk lehenago enpresak egindako egokitzapen planak neurri oso estuak ekarri zituen France Telecomeko langileentzat. 2008. eta 2009. urteen artean suizidio oldea izan zen. Zehazki 35 langilek egin zuten beren buruaz beste, ustez lan-baldintza gogorrek bultzatuta.

Gertakari horiek eragindako protesta bizien ondorioz, ikerketa judiziala abiatu zuten duela urtebete, suizidioek lan-baldintzekin zerikusia duten aztertzeko. Enpresak berak ere hainbat neurri hartu ditu, baina sindikatuen esanetan, sakoneko arazoak konpontzeke daude.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo