GARA > Idatzia > Kultura

Haizea BARCENILLA Arte komisarioa

Begiratzen berrikasten

Bilboko Arte Eder Museora joan nintzen, asteazken goiz batean, «Gehiago dago zugan» erakusketa ikustera. Ez nintzen konturatu museoaren eguna zela, eta harritu egin nintzen zebilen jendetzarekin. Gehienak adinekoak, gehienak emakumezkoak, gehienak permanente eta bisoiari esker identifika daitekeen hiri tribukoak.

Irudi bitxi bat zegoen, sabela kutxatxo zulatu bat bezalakoa zuen ama birjina bat, eta bertan, aita, semea eta izpiritu saindua elkartzen zituen beste irudi txikiago bat sartuta. Han nengoela, nire ondotik pasa zen andre batek berarekin zetorrenari esan zion: «¡Tiene bemoles esta! Ama Birjina barnean, deabrua!». Eta bisita jarraitu zuen.

Emakumearen arazoa ez zen ikonografia ez ezagutzea; ziur horrekin zerikusia duten Bibliako pasarteak buruz dakizkiela. Arazoa, ordea, beste askotan antzeman dudan fenomeno errepikakorra zen, hots, begiratzea ahaztu zaiola jendeari. Ikusi, ikusten du; baina begiratzea, gogoz, arretaz, inteligentziaz egiten den mugimendu esanguratsua, ekintza arrotz bihurtu da askorentzat.

Zapping-a da gure garaian jaun eta jabe: segundo batez begiak zerbaitetan finkatu eta segituan mugitzen ditugu beste nonbaitera, informazioa barneratu eta prozesatu baino lehen. Irudiak sartzen zaizkigu, ez ditugu geuk hartzen. Horrela, bisitari pasibo bihurtzen gara, ikusi eta pentsatu aldiberekotasunez egitea kostatzen zaigulako, eta hori da hain zuzen ere begiratzeak esan nahi duena. Begiratzen berrikasten ez dugun bitartean, arteak kontsumitzaileen azaleko bisita besterik ez du izango, inoiz ez kritiko izan daitekeen ikusle emantzipatu eta iraunkorrik..