GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Miren Aranguren, Saioa Iraola Euskal Herriko Bilgune Feministako kideak

Feministok, prekarietateari planto, bizitza duinera salto

Lan merkatuan jarduten dugun emakume langileon jarduera gehienetan ezkutukoa da; bai gizartearen aurrean bai administrazioaren aurrean

Baserritarrak, etxeko langileak, garbitzaileak, kanporatuak, pentsiodunak, langabeak, zaintzaileak, putak gara emakume langileak. Gazteak, helduak, euskaldunak, etorkinak gara Euskal Herrian bizi garen emakume langileak. Adin eta kolore ezberdinetako emakumeak gara, bai; gutako bakoitzak modu berezituan pairatzen ditugu krisi ekonomiko sozial honen alde ilunenak. Emakumeon etengabeko prekarizazioa da; krisi ekonomiko hutsaletik harago doan sistemaren krisi sistematikoaren ezaugarri nagusietakoa. Baina prekarietatea izanik gure ezaugarri, gure egoera eraldatzeko apustuak batzen gaitu.

Ez gaudelako prest. Gure bizitza osoan etxeko eta zaintza lanaren inolako errekonozimendurik ez jasotzeko. Behin eta berriro entzun behar izan dugu emakumeok «inaktiboak» ginela, nahiz eta egun osoa lanean pasa. Eta oraingo pentsioen erreformarekin zer? Lan merkatuan baldintza kaxkarretan sartzeko aukera izan genuenok, ordainetan erretiro lansaria jasotzeko eskubidea arriskuan dugu, orain kobratzen dugun kopurura ere ez baita iritsiko.

Bestalde, lan merkatuan jarduten dugun emakume langileon jarduera gehienetan ezkutukoa da; bai sozialki eta bai administrazioaren aurrean. Zaintza lanen karga guztia jasotzen dugunak emakumeak gara eta bateragarritasun politiken fraudea jasan eta pentsio duin bat izateko inolako aukerarik izango ez dugunak ere; ez baikara kotizazio urteetara helduko.

Emakume langileon errealitatea benetan da larria eta horren adibide dugu emakume gazteon egunerokoa. Zailtasunak ditugu lan merkatuan sartzeko, gehienak merkatu ezkutuan gaude lan eskubideak bermatu gabe eta langabezia tasa oso altuak ditugu. Baina, prekarietatea eta eskubideen ukazioak ezaugarritu arren, ekonomiaren subjektu moduan aintzat hartuak izateko lanean dihardugu. Gure borroka ez baitago krisian! Eta horregatik Maiatzaren Lehen honetan ere, Euskal Herriko emakumeak kalera aterako gara bizitza duina izatea ahalbidetuko diguten eskubideak defendatzeko.

Batetik, emakumeok ekonomiaren subjektu moduan aintzat hartuak izateko bidean ezinbestekoa da lanerako eskubidea oinarri izatea. Lanaren kontzeptuaren inguruko definizio berria eman behar da, lan produktibo eta erreproduktiboaren errekonozimendu soziala, politikoa eta ekonomikoa eman; horrela, ekonomiaren kontabilitatean sartuko dena. Hori horrela izanik, egun indarrean dagoen etxeko langileen erregimen berezia ezabatzeko exijitzen dugu. Bestetik, Euskal Herriko emakumeok diru sarrera minimoak izateko eskubidea dugu. Emakume bakoitzak beharrezkoak dituen prestazio ekonomiko eta gizarte laguntzak jasotzeko eskubidea oinarri izanik, ezin da pobreziaren mugatik behera kokatutako oinarrizko soldata onartzen duen lan hitzarmenik egon. Egun dauden laguntza ezberdinek pobreziaren mugara iritsi behar dute behintzat.

Gainera, etxebizitza oinarrizko eskubidea izanda, merkatuaren espekulaziotik kanpo geratu behar du eta instituzio publiko politikoetatik bitarteko guztiak jarri beharko dira hori bermatzeko. Horrez gain, egun dagoen zerbitzu publikoen murrizketen aurrean, emakumeak ez gara isilduko; ezinbestean gure bizi baldintzak hobetzeko aurrekontuak exijituko ditugu. Oinarrizko eskubide sozialen aldarrikapenak egia bihurtu behar ditugu: 0 urtetik aurrerako hezkuntza integrala, osasungintza integrala, bazterketa soziala ekiditeko mekanismoak, bizikidetza unitate eredu ezberdinak aukera berdinak izatea, eta abar.

Duintasunik gabeko etorkizunera kondenatu nahi gaituzten arren, guk geuk, gaurdanik dagokigun geroa eraikitzen jardun behar dugu. Gure eskubideen aldeko borrokan, Euskal Herri feminista lortzeko borroka ez baitago krisian. Beraz, maiatzaren 1ean, gure herrietan egingo diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dizuegu: zuei, emakume langile guztiei!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo