ZIENTZIA
Aurtengo «hanami» erradiaktiboa
Mikel SUSPERREGI mikel@carbonica.org
Urtero bezala, Japoniako hanami -edo gerezi-lore, cherry blossom- festak apirilean zehar izan dira, baina oraingoan ohi baino ukitu goibelagoa izan dute. Familia osoek parketara joateko ohitura dute, belardietan eseri eta, piknika egiten duten bitartean, zuhaitzetako gerezi-loreak miresteko. Aste gutxi irauten duenez loraldiak, hanamia ederra bezain laburra da.
Aurtengo hanamia austeritate giroan igaro da, bisitari gutxirekin (atzerritarrak eskas dira egun Tokion); gainera, tsunamiaren ondorioz ekialdeko kostaldean 500.000 bat lagun etxebizitzarik gabe dauden unean, nabarmentzea ez dago begionez ikusita Japonian.
Behin bi hilabete igarota Fukushimako Dai-ichi zentral nuklearreko saga amaituta izango zela espero genuen denok. Zoritxarrez, ez da horrela. Bertako teknikariek lanean jarraitzen dute oraindik, erreaktoreak hozteko ahaleginak egiten. Erreaktoreen barruan ura sartzea izan da hasieratik estrategia, horrela erreakzioen amaiera lortu eta cold shutdown edo itxiera hotza bortxatuz. Horretarako, ezinbestekoa da 100 gradu baino gutxiagoko tenperaturak lortzea.
Oraino kutsatutako ur kopurua 70.000 tonakoa da, eta, erreaktoreen barruan espazioa mugatua denez, ur toxiko hori itsasora isurtzen ari dira. Horrek sortzen duen arriskua inguruko ur zikloa kutsatu egin daitekeela da; horrela gertatuz gero, bertako nekazaritza eta ekonomian epe luzeko arazoak sortuko dira zalantzarik gabe.
Erreaktoreak behin betiko ixteko beste hainbat hilabete beharko dituzte. Orduan ezagutuko dugu istripuaren benetako kostua, erradiazioaren aldetik. Eremu hori garbitzeko urteak beharko dira.
Fukishimako istripua oso zoritxarrekoa izan da, eta, 1984ko Txernobylgo istripuaren urteurrena ere izan berri dugunez, ahantzita geneuzkan mamuak berpiztu egin dira. Ozenki eta oihartzun handiarekin entzun ditugu munduan zehar energia nuklearraren aurkako ahotsak.
Dena dela ez ditugu ahantzi behar energia nuklearraren arrakastak. Frantziak bere argindarraren %80 iturri nuklearretatik sortzen du, eta segurtasun aldetik primerako curriculuma dauka. Berotze globalaren aldetik, denok jarraitu beharko genukeen adibidea da, karbono aztarna murrizteko. Epe luzean behintzat, iturri berriztagarriak sendo finkatu arte, energia nuklearrak baliabide bikainak eskaintzen ditu.
Batzuetan, hondamendia gertatzen denean, erreakzioak ozenagoak dira eta urtebete geroago dena ahantzita dago. Lasterregi ahanzten dugu. Ikasi beharko genuke momentuan ez horren histerikoak izaten eta epe luzean ez horren azkar ahanzten.
Non bukatu da Mexikoko Golkoko isuriaren saga? Laster ahantzi dugu. British Petrolium erraldoiak Mexikoko Golkoan izandako istripuaren ondorio ekonomikoak jasan ditu, baina garai hartan gertatutakoak munduaren amaiera bazirudien ere, uste zena baina azkarrago desagertu da petrolioa, eta itsas-urarekin nahasi. Momentu hartan, erreakzio logikoena errekin fosilak amaierara iritsi direla eta beste energia iturri batzuk erabiltzeko garaia iritsi dela pentsatzea zen. Aldiz, Ameriketako Estatu Batuetan bereziki, histeria hori laster amaitu da. Espero dut datorren urteko hanamia iritsi orduko iritziak baretuagoak eta orekatuagoak izango direla.
Sayounara bero bat.