AIZKORA
Mugertza II.a eta Azurmendi, ligaxkara
Jon LEUNDA
Mugertza II.ak eta Azurmendik lortu zuten Urrezko Aizkorako final-laurdenetako ligaxkan aritzeko txartela, Lazkaoko saioan onenak izan baitziren.
45 ontzako bat zeinek kolpe gutxiagoan moztu, kana-erdikoa erlujuz kontra moztu, 45 ontzako bat zutik jarrita erdibitu, 60 ontzako bat moztu eta azkenik lau kana-erdiko erdibitzea izan zen lana. Ezustea eman zuen Mugertza II.ak, bera izan baitzen denetan onena. 16 minutu eta 33 segundoan amaitu zituen lanak. Bigarren Azurmendi izan zen (16.47) eta azkena Senosiain I.a (18.48).
Ligaxkako A multzoan aritu beharko du Azurmendik Larretxearekin eta Olasagastirekin batera. B multzoan izango da Mugertza II.a, eta han, gaur 12.30etik aurrera Armentian, Gasteizen, jokatuko den saioko bi onenak elkartuko zaizkio. Gaur, Lopez, Rekondo eta Atutxa II.a neurtuko dira. 19 urtez azpikoetan Vicente II.a izan zen onena Zabaletaren eta Kortxeroren aurretik. Azken honek kalera joan beharko du.
Segan nazioarteko eran jokatuko den Europako Txapelketan Euskal Herria ordezkatzeko ligaxka antolatu dute. Parte hartu nahi duenak izena emateko azken eguna maiatzaren 1a izango du. 16 urtetik gorako neska eta mutilak behar dira. Izena emateko 615 74 34 11 / 669 64 11 97 telefonoetara deitu behar da.