GARA > Idatzia > Kultura

Iņigo Manterolak joan-etorriko arte proiektu bat hasiko du Mexikon

Etengabe garatzea eta ikasten joatea da Iñigo Manterola artista oriotarraren nahia, eta horretara joanen da bihar Mexiko DFra, proiektu berri eta bizi batekin. Mahai-inguru batean parte hartuko du, bere obra erakutsi, eta Gorka Larrañaga azkoitiarrarekin batera artelan batzuk sortu. Itzultzean, egitasmoak segida izanen du Euskal Herrian.

p040_f02.jpg

Maider IANTZI | DONOSTIA

Kasualitatez sortu zitzaion Iñigo Manterolari Mexiko DFn proiektua egiteko aukera. Donostiako En El Estudio galerian (Zaragoza plazan) mutil mexikar batek bi koadro erosi zizkion eta hango Euskal Etxean zerbait egin zezakeela aipatu zion. Hilabete batzuetara, haren aita etorri zitzaion proposamen berarekin; arbaso euskaldunak dituzte eta interes handia zuten.

«Ahalegin handia egin behar zen obra guztia Mexikoraino eramateko, eta horregatik azkeneko bost urteetako lanak hartzea erabaki genuen. Zaharrenak, figuratiboenak, Euskal Etxean jarriko ditugu; berrienak eta abstraktuenak, aldiz, La Casa galerian. Bideoen bidez figuraziotik abstrakziorako pausoa nola eman nuen azalduko dut, baita pinturatik eskultura nola igaro nintzen ere», adierazi du.

Proiektua osatzeko, Gorka Larrañaga Mexikon bizi den azkoitiarrari elkarrekin obra batzuk egitea proposatu zion. «Bakoitza euskarri batekin hasi eta gero trukatu egin ditzakegu; edo bestela biok euskarri baten gainean lan egin. Ikusiko dugu zer sortzen den esperientzia horretatik. Guk ariketa gisa hartuko dugu; garrantzitsuena ez da emaitza izango, prozesua bera baizik, elkarri eman ahal izango diogulako».

Ariketa horietatik ateratzen diren obrak La Casa galerian erakutsiko dituzte, eta gero Donostiara ekarriko dituzte. Goialdean bien lanak jarriko dituzte eta behean Gorka Larrañagarenak. Trukea eginen dute horrela: Manterolak Mexikon ezagutaraziko du bere artea eta Larrañagak Euskal Herrian.

Azkenik, Iberoamerikako Unibertsitatean mahai-inguru bat eginen dute. «Nola lan egiten dugun, zergatik eta nora goazen hausnartuko dugu, eta aurreko sortzaile euskaldunen zein eragin izan dezakegun ikusi». Hiru ardatz hauen inguruan garatuko da, hortaz, Mexiko eta Euskal Herria lotuko dituen joan-etorriko egitasmoa.

Oriotarra Kantauri itsasoko olatuen kulunkan hazia da, arrantzale tradizioko familia batean, eta ederki ageri da hori bere obra guztian. «Bakoitzak bizi duena margotzen du, sentitzen duena, azken batean, bera dena». Hala ere, gaia artea egiteko aitzakia baino ez dela argitu digu eta motiboa bera izan arren egiteko modua aldatzen doala, etengabe garatzen. «Garrantzitsua iruditzen zait burua zabalik edukitzea, bukaera berriak bilatzea, umiltasunetik ikastea».

Behin, bost egun eman zituen arrantzaleekin batera itsasoan sekulako sentsazioak bizitzen, gero bere obrara eramateko. Esperientzia horren ondotik hasi zen mugimendua eta denboraren joana islatzeko koadroak puzzleen antzera osatzen, zati batean momentu bat, bertzean bertze bat. Hala, koadroa estatikoa izanda ere, mugitzen ari dela dirudi. Zerua, hodeiak, ura... hondo guztia kendu eta arrantzalea bakarrik utzi zuen gero kanaberarekin eta hartzen zituen jarrera guztiak marraztu zituen lerro batekin. Orduan, naturalki, margoak eskulturara gonbidatu zuen, eta gero argazkiak erabiltzera... Beti garatzen eta bere burua harritzen.

INTERNETEN

Facebooken bidez egitasmoa jarraitzeko aukera izanen da, Iñigo Manterolak argazkiak, bideoak eta azalpenak zintzilikatuko baititu. www.enelestudio.com-en ere eskura daiteke informazio gehiago.

Erakusketak

Lekua: Mexiko DF-ko Euskal Etxea eta La Casa galeria.

Data: Maiatzaren 7an inaugurazio ekitaldia eginen dute Euskal Etxean. Hilaren 21era arte ikusi ahalko dira bertan, eta ondotik galeriako erakusketa zabalduko dute.

Pintzela busti eta askatu gabe ibilbideak marraztuz

En El Estudio Donostiako galerian Iñigo Manterolaren ibilbide artistikoa ezagutu daiteke obraz obra, itsasoratzera doan ontzi baten margo figuratibotik hasi eta deskubritu berri duen material berriarekin egindako eskultura abstraktu eta arineraino. PVCaren erretxina da, eta aitortu duenez, izugarri gozatzen ari da berarekin. Pintzela pinturan busti eta askatu gabe ehunean ibilbide bat marrazten den bezala osatzen ditu eskulturak. Ekainerako Gehitu elkartearentzat instalazio bat prestatzen ari da, eta bertako eskultura batzuk ditu horman itsatsita. «Jokoa egiten dute, bi gizon izan daitezkeelako, edo bi pitilin, edo hormako pixatokiak». Okendon erakutsiko ditu bertze hainbat margo eta eskulturarekin batera. M. I.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo