GARA > Idatzia > Euskal Herria

Seaskak bere kexua plazaratuko du Baionan irakasle postuen murrizketagatik

GARA | BAIONA

«Kasu! Ikastolak kexu» lelopean manifestazioa deitu du Seaskak datorren larunbaterako Hezkuntza Ministerioak hurrengo ikasturterako aurreikusten dituen irakasle postuen murrizketak salatzeko.

Bai lehen hezkuntzan bai bigarrenean ere gero eta ikasle gehiago izanik, Seaskarentzat ezinezkoa da irakasle gutxiago izatea. Ondorioz, Estatuak onartzen ez dizkion postuak bere gain hartzera behartuta dago Ipar Euskal Herriko ikastolen federazioa. Horrek, urtean, bere kutxa propiotik 200.000 eurotik gora erabili beharra suposatzen dio, betiere beste premia batzuen kaltetan -ezintasunen bat duten 39 haurren integrazioa, esaterako-.

«Hautu politikoa»

Paxkal Indo Seaskako lehendakaria haserre agertu zen atzo, Baionako Hezkuntza Ikuskaritzaren aitzinean, ikastola guztietako ordezkariez lagunduta. Indok ez du onartzen murrizketak egungo testuinguru ekonomikoak eragindako neurriak direnik. «Hautu politikoa da. Azken 42 urteotan Estatuak inposatu nahi izan digun logikari men egin bagenio, aspaldi desagertuak ginen», esan zuen Indok egoeraren «larritasuna» nabarmendu aurretik.

Seaskaren esanetan, mobilizazioa irakaskuntza esparrutik harago doa: «Gaurko haurrak biharko jendartearentzat prestatzea da gure betebeharra, baina gaurko frantsesdunak biharko heldu euskaldunak izan daitezen lortzea ere gure egitekoa da». Behar diren irakasle postuak ez emanez, Parisek «euskararen aldeko lana oztopatzen» duela gaineratu zuen Indok.

Hortaz, dei zabala egin zuen Seaskak larunbatean, arratsaldeko bostetan, Baionako Laugatik abiatuko den mobilizazioan parte hartzera.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo