Bakearen eta bizikidetzaren alde 300 ahots zurik elkarrekin abestuko dute Donostian
«300 ahots zuri bakearen alde» kontzertuan bakea eta bizikidetza bultzatzeko Euskal Herriko eta Zaragozako 300 gaztetxoren ahotsak bilduko dira bihar eta larunbatean Donostiako Kursaalen eta Arantzazun.
M. LARRINAGA | DONOSTIA
Easo eskolania, Donostiako Orfeoi Txikia, Bilboko Kontserbatorioko Abesbatza eta Zaragozako Amici Musicae haur korua elkarrekin izango dira Kursaalen bihar eta Arantzazuko basilikan larunbatean «gizarteari bake eta baikortasun mezua» helarazteko asmoz. Gainera, IPD Management enpresako zuzendariak, Javier Tros de Ylarduyak atzo azaldu zuenez, Donostiako 2016ko hautagaitzaren aldeko ekimena bultzatzeko jardueren artean sartu dute kontzertua.
Bakearen aldeko kontzertua denez, bakerako oinarrizko balioak jasotzen dituzte abesti guztiek. Easo abesbatzako zuzendariak, Santos Sarasolak, azaldu zuenez, guztiek alaitasuna, itxaropena eta bizitzaren edertasuna transmititu nahi dute. Gainera, kontzertu honek gazteengan duen eragin positiboa ere azpimarratu zuen Sarasolak: «Diziplina, laguntasuna eta sentsibilitate musikala lantzen dute».
Kontzertu honetan, 12 eta 18 urte bitarteko gaztetxoak elkarrekin arituko dira bi zatitan banatutako emanaldian. Lehenengoan abesbatza bakoitzak bere errepertorioko hiru abesti interpretatuko ditu, eta ondoren, pop doinu eta zinemako pieza ezagunak entzun ahal izango dira, haur abesbatzentzat moldatutako bertsioetan. Horien artean, Beethovenen «Alaitasunaren ereserkia», Beatles taldearen «All you need is love», ABBAren «I have a dream», «Bizitza ederra da» filmeko «Zein ederra den bizitzea» kantu nagusia, edota Mikel Laboaren «Txoria txori» ezaguna, besteak beste.
Kontzertuaren estreinaldia bihar izango da 20.00etan Kursaalen (15 eta 27 euro bitartean) eta larunbatean Arantzazuko basilikan 12.00etan (15 euro).
Emanaldi horien ostean, Madrilera joango dira ekainaren 30ean Escorialeko Eskolaniarekin eta El Recuerdo Eskolaniarekin abesteko, eta ondoren, Zaragozan izango dira Iruñeko Pamplones Txiki Orfeoiarekin batera.