GARA > Idatzia > Mundua

Siriako Baatheko 233 kidek alderdia utzi dute Gobernuaren errepresioa salatzeko

GARA |

Siriako Gobernua gidatzen duen Baath alderdiko 233 kidek kargua utzi zuten atzo, protesten aurka Damaskok zabaldu duen errepresioa salatzeko. Hala ere, Siriako Gobernuak tanke gehiago bidali zituen hainbat hirietara protestak isilarazteko.

«Segurtasun zerbitzuek guk ikasitako baloreak desegin egin dituzte. Salatu eta kondenatu egiten dugu gertatu den guztia eta alderdia utzi dugula iragartzen dugu», adierazi zuten Baniaseko Baatheko 30 kidek. Ondoren beste 203 alderdikidek egin zuten bat jarrera horrekin. «Segurtasun zerbitzuek Baniasen eta inguruko herrietan inolako armarik ez zuten herritarren aurrean izandako jokabidea giza balore guztien eta alderdiaren lema guztien aurkakoa da», adierazi zuten.

«Etxeetan egindako miaketak eta jendearen, mezkiten eta etxeen aurka benetako balekin egindako tiroak» ere salatu zituzten. Siriako komunikabideek «manifestari hildakoei, zaurituei edo torturatuei buruz» nola hitz egiten duten ere gogor salatu zuten Gobernuan dagoen alderdia utzi dutenek, «armatutako talde kriminalak» direla esaten dute-eta. Bestalde, 150 oposizioko kidek benetako erreformak egiteko eskatu diote Bashar al Assaden Gobernuari, bestela protestak «iraultza» bilaka daitezkeelako. «Erregimenak soilik bi aukera ditu: demokraziarantz aldaketa gidatzea edo protestetan parte hartzen ari direnek erregimena botako duen herri iraultza nola egiten duten ikusi», adierazi zuten. Giza eskubideak bermatuko dituen Konstituzio berria ere eskatu zuten oposizioko kideek.

Bestalde, Europar Batasuneko ordezkariak bihar elkartuko dira Bruselan zigorrak aztertzeko. Nazio Batuetako Giza Eskubideen Batzordeak, berriz, Siriari buruzko bilera berezia egingo du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo