GARA > Idatzia > Kultura

Jose Antonio Arana Martija euskaltzain gernikarra zendu da

80 urte zituela zendu zen astearte gauean Jose Antonio Arana Martija euskaltzaina. Euskararen eta Euskal Herriaren alde egindako lana nabarmendu zituzten atzo bere gertukoenek; batez ere, liburu eta musikarekiko grina. Hileta elizkizuna gaur izango da Gernikan 19.00etan.

p041_f01_97x107.jpg

A. ARRUTI | BILBO

Sei urte zituela zanpatu zuten bonbek bere jaioterria eta 74. urteurreneko arratsean zendu zen Jose Antonio Arana Martija. 1988an euskaltzain oso izendatua eta 2006an euskaltzain emeritua, euskararen alde lan eskerga eginda joan da gernikarra. Horren adibide da, esaterako, azkenean entregatu gabe gelditu den Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona Saria, berari egokitua «XX. mendeko bigarren erdialdeko euskal musikaren ikerketa eta zabalkundean irudi aktiboenetako bat izan delako». Erakundeak bere atsekabea adierazi zuen atzo eta «estimu eta miresmenez» agurtu zuen «konprometitutako bazkide, animatzaile eta kolaboratzaile nekaezina, euskal kulturaren aldeko zehaztasun, lan eta konpromisoaren adibide».

Bonbardaketek erbestera bultzatu zuten Arana Martija eta gerra bukatuta itzuli zen Gernikara. 1963an kartzelan sartu zuten eta irtendakoan lan ezberdinetan aritu zen, 1978an Euskaltzaindiak Azkue Bibliotekako arduradun izateko kontratatu zuen arte. Urtebetera, euskaltzain urgazle izendatu zuten eta aurrerago, euskaltzain oso eta emeritu.

Musikarekiko zaletasun berezia izan zuen. 1954an sortu zuen Santa Zezilia korala eta 1978an, berriz, Gernikako Andra Mari korala, hamar urtean zuzendari izanik. 1976an bere lan aipagarrienetako bat argitaratu zuen, «Música Vasca», euskal musikaren historiaren monografia. Tartean, Bogamazua zortzikotea zuzenduz, lau disko grabatu zituen Bartzelonan 1963an.

Luzea da Arana Martijak argitara emandako lanen zerrenda. Besteak beste, «Jakin», «Txistulari», «Aranzazu», «Egan», «Aldaba», «Anaitasuna» edota «Argia» aldizkarietan idatzi zuen. 1991n Euskaltzaindiaren Bilboko Plaza Barriko egoitza inauguratu zenean «Bonaparte eta dialektologia» hitzaldia eskaini zuen.

Duela lau urte, 6.000 liburu eta aldizkariz osatutako bere biblioteka pertsonalaren dohaintza egin zion Euskaltzaindiari.

«Herritarra eta herriarentzat»

«Ekimeneko gizona» zela esanez definitu zuen atzo Andres Urrutia euskaltzainburuak, «hitz batean esateko, herritarra, Euskal Herria xede zuena», eta Aranari berari zuzendu zitzaion: «Jose Antonio, utz iezadazu zu zeu honetara definitzen: herritarra eta herriarentzat. Badakit, bestalde, berriro ikustean, egun handi horretan, biok berbetan jarraituko dugula, aspertzeke, euskaraz eta euskal kulturaz».

Joseba Lakarra euskaltzain osoak ere idatzi bat eskaini zion. «Merezi onez bereganatua zuen harekin hartu-emanik izan zuten guztien artean errespetu eta esker ona. Bere egintzak eta bere izaeraren oroitzapena nekez ahaztuko dugu», esan zuen, berak Arratzun egindako sarrera hitzaldian Aranak izandako urduritasunak gogora ekarriz.

Jose Luis Lizundia euskaltzain osoak, berriz, euskalgintzan eta euskal musikologian egindako lana azpimarratzeaz gain, Aranaren alderdi publikoa izan zuen mintzagai, Euskal Sozialista Biltzarreko (ESB) zinegotzi zela Gernikaren eta Busturialdearen alde egindako lana, hain zuzen.

Azkue Bibliotekako zuzendari postuan ordezkatu zuen Pruden Gartziak bere bio-bibliografia idatzia du eta Manuel Lekuona Sariaren ekitaldian zen aurkeztekoa. Liburuaren protagonistaren faltan egin beharko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo