Anartz BILBAO Musikazalea
Zarata bako eguna
Nazioarteko egunak barra-barra (nork asmatuko ote ditu?) gaurkoa zarata bakoa omen. Esaiezu, goragalea sortzeraino futbola besterik ez den egunotan, txistularien beldur iragan astean espainiar himnoa 120 dezibeliotan jarri zutenei: Erregea biluzik dago, inork ez dio ezer esan!
Geroztik zaratarik ez, isiltasuna nagusi -«silence is a dangerous sound» dut irakurri-. Eta ez da erraza isiltasuna, artega izaten gara biok parez pare jartzean, nekeza zaigu bizikidetza isiltasuna eta biori. Sarri gertatzen ez zaigun arren, igandea ezkero isiltasunak hartu gaitu, lotu arte, hutsik sentitu arte... garrasi egin nahi eta ezin.
Gomutetan atzera egin eta Gasteizera jo dugu, zazpi gazte zorok bete genuen Argentina kaleko etxe bizi hartara; «kriston martxa zegon sasoi (ilun?) haietan». Mikelek alde egin zuen, Asier eta Sandra etorri, ardo txanbil eta guzti. Bego (badaezpada) bera bakarrik («Txakurzulon?») eta Trepi zein Juanjo «Refujixuen» gitarra joz. Bazkalorduan Pui zaharra bisitari... Guk gauak irakurtzen ematen genituen, gela «Usotoki» deitzen genuela uste dut.
Denbora ere badoa... eta aurrera egin ahala ez dut asko gehiagorik akorduan; horrek ere mintzen nau. Ekarri nahi nuen pisuzko ipuin, xarmadun bitxikeria, istorio gozo bat lerrootara, baina ez dira papereratzen errazak; hutsik gaude, bakarrik eta isiltasunak jota. Lagunaz akordatu eta barre txiki bat baino ez datorkit gogora, baikortasuna, «ondo» esateko boookalak keinu gehiegizkoaz luzzzatze hura (kostaldeko hauek itzelak dira, txo!).
Ezkerretik eskuinera zein `aldrebes' irakurtzen direnak palindromoak ei dira (Inoreneroni, kasu). Sorkuntza-jolas honetan gizon trebatua den ermuar batek asmatua omen da: «Atara zarata!». Zapatuan lagun, Ondarroan.