GARA > Idatzia > Euskal Herria

Elorzak itunik ez egitea «berria» dela dio Goiak

Eneko Goiak, EAJren Donostiarako alkategaiak, Odon Elorzari gogorarazi dio boto gehiengoari esker baino gehiagotan izan dela alkate akordioei esker. Elorzak datozen hauteskundeetan gehiengoa lortu ezean itunik ez duela egingo ziurtatu zuelako egin ditu Goiak adierazpenok.

GARA | DONOSTIA

Donostiako alkate Odon Elorzak datozen hauteskundeetan hautagairik bozkatuena ez bada alkatetza lortzeko akordiorik egiten ez dela saiatuko azaldu ondoren, EAJren hautagai Eneko Goiak hori «berria» dela esan zuen atzo. «Gehiagotan izan da alkate zerrendarik bozkatuena izan gabe, izanda baino», adierazi zuen Goiak.

Hainbatetan zinegotzi eta Gasteizen legebiltzarkide izan ondoren, 1991n lortu zuen Donostiako alkatetza Elorzak, boto eta zinegotzi gehien lortu zuena bere alderdia izan ez arren. Hain zuzen, EAJ alderdiarekin eginiko itunari esker lortu zuen alkatetza, datu hori Eneko Goiak aipatu gabe utzi bazuen ere. Gauza bera gertatu zen hurrengo legealdian, eta 1999ko hauteskundeen ondoren, PP alderdiarekin eutsi zion karguari. Geroztik, Ezker Batua eta beste alderdi batzuekin izandako akordioei esker jarraitu du alkatetzan.

Larunbatean, baina, zin egin zuen maiatzaren 22an PSEren hautagaitza bozkatuena suertatzen ez bada ez duela inorekin itunik egingo. «Zalantzak ditut beste batzuek gauza bera esan ote dezaketen», adierazi zuen, gainera, alkateak. «Egun politikak duen sinesgarritasun gabeziagatik, instituzioen eta herritarren arteko distantziagatik eta politikarienganako konfiantza faltagatik» hartu du erabakia, azaldu zuenez. «Akordioen kultura» defendatu zuen, halere, Elorzak, eta azken legealdian Aralar eta Alternatibarekin eduki duen «zeharkako gobernua» ongi joan dela nabarmendu.

Orain Elorzak jarrera hori hartzearen atzean «une zehatz batean komeni dakiokeen aukera dago», Eneko Goiaren hitzetan. «Demokraziaren arauak argiak dira eta gehiengoak hainbat modutan osa daitezke», gaineratu zuen EAJko alkategaiak Donostian Haizearen Orrazian egindako ekitaldian. Goiaren esanetan «demokraziak aske eta irekia behar du, bakoitzaren programa eta proposamenen arabera osatzen dira gehiengoak eta hori maiatzaren 22tik aurrera ikusiko da».

EAJko kideak esandakoaren arabera, «goizegi» da gai horien gainean hitz egiteko, eta berak nahiago izan zuen alderdi bakoitzak bere proposamenak egiteko garaia dela defendatu, «jendeak aukera dezan».

Hala ere, PSEk agintzen duen udalbatzen kritika egin zuen Goiak. Izan ere, hautagaiaren esanetan, PSEren kudeaketa Jose Luis Rodriguez Zapatero presidente espainolarenaren antzekoa izan da: «Ezer pasatuko ez balitz bezala jokatu eta aurrerantz ihes eginez». Politika horrek «porrot» egin duela esan zuen, eta horregatik Euskal Herriko PSEko hautagaiak kanpainan zehar Zapatero «ezkutatzen» dabiltzala.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo