GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Urrezko Aizkora

Larretxea finalerdietan sar liteke gaur

p046_f02.jpg

Jon LEUNDA

Final-laurdenetako ligaxkan gaur bertan lor dezake Donato Larretxeak finalerdiak jokatzeko txartela. Joan den astean Olasagastiri irabazi ostean, gaur Azurmendiri gauza bera egiten baldin badio, txartela seguru izango luke, eta bestea Azurmendiren eta Olasagastiren artean erabaki beharko litzateke.

Nafarra eta gipuzkoarra 12.30etik aurrera neurtuko dira Urduñako plazan. Jaialdian, ordea, ez dira izango maila nagusiko saioak bakarrik, izan ere, leku berean, eta jaialdi berean, 23 urtez azpikoetan, Mugertza III.a, Vazquez eta Kañamares III.a lehiatuko dira. Kanporaketa izango da, eta lehen biek lortuko dute sailkatzea. 15 urteko ekinaldia ere jokatuko da, eta hau ligaxka eran ari da jokatzen. Bertan, Vicente II.a, Etxeberria II.a eta Larrea III.a neurtuko dira.

Bihar 12.15etik aurrera Zuazun jokatuko da saioa, eta bertan B multzoko ligaxka abiatuko da. Juanjo Lopez eta Mugertza II.a lehiatuko dira. Mutrikuarra helburua bapo lortuta helduko da saio honetara, beraz, galtzeko ez dauka ezer eta irabazteko asko. Juanjo Lopez izango da garaipena lortzeko faboritoa, baina kontuz ibili beharko du mutrikuar gaztearekin, orain arteko saioetan erakutsi baitu oso ongi moldatzen dela lan era hauetara.

23 urtetik beherakoetan, berriz, kanporaketa jokatuko da: Kortxero, Alkizalete II.a eta Rodriguez II.a neurtuko dira. Bi sailkatuko dira, beraz, eta azken geratzen den aizkolariak lehiaketa utzi beharko du. Rodriguez eta Alkizalete dira aurrera egiteko bi faboritoak. Kortxero, gainera gaixo egon da.

Sokatira

Sokatirari dagokionez, Euskal Herriko Lur Gaineko Txapelketa abiatuko da gaur, Mutrikun, Galdona kanpinean, 17.30etik aurrera.

Bertan, 680 kiloko estreinako jardunaldia jokatuko da, eta Gaztedi A, Gaztedi B, Goiherri A, Goiherri B, Mutriku eta Getxo neurtuko dira. Hiru jardunalditako ligaxka jokatuko dute, baina irabazten hastea beti izaten da ona. Goiherri taldea izango da garaipena lortzeko talde faboritoa.

Nafarroan, berriz, Goma Gaineko Lauko Txapelketa jarriko da abian. Latasako pilotalekuan abiatuko da lehiaketa 17.00etan. Bertan, Basaburua-Inotz A, Basaburua-Inotz B, Txantrea A, Txantrea B, Berriozar, Amaiur A, Amaiur B, eta Amaiur C lehiatuko dira. Bi jardunalditako ligaxka izango da.

Goma gaineko Ipar Euskal Herriko Txapelketa ere jokoan da, eta gaur Ezpeletako merkatu plazan hiru pisutako finalak jokatuko dira 17.00etan hasita. 560 kilotan, 640 kilotan, eta 720 kilotan jokatuko dira azkeneko ekitaldiak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo