Afrikar idazleen hizkuntzari buruzko hausnarketak bildu ditu «Erlea»-ren laugarren aleak
Bernardo Atxaga zuzendari duen Euskaltzaindiaren aldizkariaren laugarren alea plazaratu zen atzo. Afrikako idazleek zein hizkuntzatan idatzi behar duten eztabaida agertzen duten testuak biltzen ditu, besteak beste.
A. ARRUTI | BILBO
Laugarren alea du dagoeneko Euskaltzaindiaren «Erlea» literatura aldizkariak eta, aurrekoetan egin bezala, gai baten bueltan aritu dira idazle euskaldun zein nazioartekoak. Oraingoan Afrikara itzuli da «Erlea»; hirugarren alean Aljeria eta Magreb izan baziren ardatz, honakoan «Afrika beltza» dute hizpide.
Bernardo Atxaga aldizkariaren zuzendariak azaldu zuenez, honelako aldizkari bat «ezin daiteke nahas-mahasa izan. Errelato edo narrazio bat behar du, liburu tankeran», eta, honakoan, galdera bat mahaigaineratzen du: Zein da Afrikako literaturaren hizkuntza? Zein hizkuntza erabili behar du afrikar idazle batek? «Puri-purian dagoen eztabaida da», azaldu zuen.
Galdera honen harira, hiru ahots afrikar bildu ditu aldizkariak: Obiajunwa Wali nigeriarra, Ngugi wa Thiong´o kenyarra eta 1995ean Nigeriako gobernu militarrak urkatu zuen Ken Saro-Wiwa. Atxagaren esanetan, «bai AEBetako unibertsitateetan, bai Afrikako bilera literario guztietan, bai edozein lekutan, Afrikako idazleak zer hizkuntzatan idatzi behar duen eztabaidatzen denean, aipatzen diren hiru artikulu nagusiak dira horiek. Kolonizatzaileen hizkuntzetan idatzi behar al dute Afrikako idazleek?». Euskararekin alderatzeko ere balio dezakete testu hauek, «erreferentzialak dira eta irakurtzen duenak hango auzia, eta seguruenik gurea ere, zertan den ulertuko du», esan zuen.
Ez daudenak gogoan
Aldizkariak azken hilabeteetan hil diren hiru pertsona ekarri ditu gogora: Xabier Lete, Jose Arratibel eta Jose Ordorika. Azken honena da, hain zuzen, laugarren alearen azaleko irudia.
Bestalde, Lander Arbelaitz, Juanjo Olasagarre, Urtzi Urrutikoetxea, Lorenzo Rojo eta Koldo Izagirre kazetari eta idazleek artikulu bana idatzi dute. Poemen kasuan, Miren Agur Meabek, Anarik, Igor Estankonak eta Jon Casenavek hartu dute parte. Joxemari Iturralde, Aingeru Epaltza, Jabier Muguruza, Piarres Antziart, Pello Esnal edo Felix Ibargutxi ere ageri dira idazleen artean.
Aldizkaria «irekia» dela azpimarratu zuen Andres Urrutia euskaltzainburuak, eta helburu nagusien artean kokatu zuen «literaturaren sorkuntza ikuspegitik foro bat izatea, sentsibilitate ezberdinak biltzen dituena. Euskararen bidez munduko literatura ezberdinak jorratu, etxekoa baztertu gabe».
«Falta zaiguna lan hau gizarteratzea eta katea osatzea da, hemengo edukiak guztien esku egon daitezen», gaineratu zuen.
Obiajunwa Wali, Ngugi wa Thiong´o eta Ken Saro-Wiwa afrikarren testu «erreferentzialak» bildu ditu aldizkariak, baita Amos Tutuolaren artikulu bat ere.