GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

ELECCIONES EN EUSKAL HERRIA

Ondarroa desobedientzia zibilaren eredu

Sei urte daramate Ondarroako herritarrek Udalarekiko desobedientzia zibila egiten. 2005eko urtarrilaren 1ean hasi zuten kanpaina, eta mehatxu asko jasan badituzte ere, 2011ko maiatzeko hauteskundeetara «indartsu» iritsi direla ziurtatu dute. Bide luzea izan da, baina merezi izan duela sinetsita daude. Datozen hauteskundeetan Bilduk herrian aurkezteko aukera duela-eta, sei urte hauetako borroka «birplanteatu» egin beharko dute.

p005_f01.jpg

Euskal Herriko beste hainbat herritan gertatu zen bezala, Ondarroan ere Ondarruko Herriarentzat hauteskunde plataformak ezin izan zuen 2003ko hauteskundeetara aurkeztu. Orduan hasi ziren ondarroarrak «apartheid egoera» salatzen. Horietako bat da Unai Urruzuno: «Ondarroako Udaleko egoera ez-normala salatzeko tresna bat behar genuen». Baina salaketa «konstantea eta etengabea» izatea nahi zuten, «denboran iraungo zuena». Urruzunok dioenez, «bigarren mailako herritarrak ginen, eskubiderik gabeak, eta ondorioz, Udalak ez zuen gure zilegitasunik merezi». Ordutik, «Eskubiderik ez, betebeharrik ez!» lema aldarrikatu dute Ondarroako herritarrek.

Eskubiderik ez, betebeharrik ez

2005eko urtarrilaren 1ean hasi ziren Ondarroako herritarrak Udaletik iristen zitzaizkien fakturak ordaintzeari uko egiten. Ordura arte beste inon ez zen halakorik egin, eta lehendabizikoa izateak zalantza asko piztu ziela dio Urruzunok: «Galdera asko geneuzkan baina erantzun gutxi. Urik gabe utziko al gaitu Gestorak? galdetzen zuen jendeak. Abokatuek ere ez zekiten erantzun zehatzik ematen; eurak ere ezjakinak ziren, ez zeukaten aurrekaririk».

Asanblada bat antolatu zuten eta jendeak desobedientziarekin jarraitzeko borondate «ikaragarria» erakutsi zuen. Miren Lersundi ondarroarrak 75 urte ditu, eta berak ere hasieratik bat egin zuen desobedientziaren aldekoekin: «Udalean sartzeko aukerarik ez ziguten eman eta horixe salatu nahi genuen. Udaletxea itxi ziguten, ezagutu ere egiten ez genuen jendea ari zen gure herrian agintzen eta hori onartezina da».

Lersundirekin eta Urruzunorekin batera denbora gutxian jende asko batu zen desobedientziara. Datu zehatzik ez dutela onartzen badute ere, 200 eta 300 familia bitartean izango direla kalkulatu dute, «mila ondarrutar inguru». Hasieran, uraren, zamarren eta estolderiaren zergak ez ordaintzeari ekin zioten, eta gero, beste alor batzuetara zabaltzen hasi zen euren protesta: etxeetako obren lanak, kiroldegia edo herriko autobusik ez ordaintzea pentsatu zuten. Legealdia amaitzeko bi urte falta ziren, eta bi urte horietan Udalak jarraipen handirik ez zuela egin nabarmendu du Urruzunok.

Mehatxuak

2007an egoera gogortzen hasi zen. Nahiz eta botoen gehiengoa eta ondorioz Alkatetza lortu, Ondarroan EAE-ANV hauteskundeetatik kanporatu zuten. Udal kudeaketa batzordea antolatu zen orduan, EAJren agintaritzapean. Unai Urruzuno bera zen EAE-ANVko alkategaia: «Hainbeste boto ateratzeak eta Alkatetza lortzeak, jendeari hauspoa eman zion».

Udal kudeaketa batzorde berriak, Gesmunpal agentzia pribatua kontratatu zuen ondarroarrei zergak kobratzeko. Hori jakin zutenean, herritar talde bat Gesmunpalen egoitzara joan zen. Ondarroarren zorrak ez zirela zor arruntak eta ekimen politiko bat zegoela tartean jakinarazi zioten enpresari. «Argi utzi genien guk borrokan jarraituko genuela eta ez geniela erraztasunik emango», azaldu du Urruzunok. Lersundik aitortu duenez, zalantzak ere izan zituzten, «zer ondorio ekarriko zituen ez genekielako, baina denon artean hitz egin eta aurrera jarraitzea erabaki genuen. Ez bagintuzten herritartzat hartzen, alor guztietarako ez gintuzten herritartzat hartuko». Handik egun gutxira, Gesmunpalek zergak kobratzeari uko egin zion. Pozarren gogoratu du Urruzunok une hori: «Guretzat garaipen bat izan zen».

2009ra arte berriro lasaitasun egoera bizi izan zuten, eta orduan, Gestorak Bizkaiko Ogasunari pasatu zion zorrak kudeatzeko eskumena, eta herritarrak Ogasunetik zigor-efektuak jasotzen hasi ziren. Ez-ordainketak %20ko isunarekin iristen hasi zitzaizkien eta lehendabiziko enbargoak jasan zituzten ondarroarrek: «nominetatik, aurrezki libretatik, errenta aitorpenetatik eta ahal zuten lekuetatik dirua kentzen hasi zitzaizkigun», dio Urruzunok.

Hori guztia gutxi ez eta, 2010etik uraren kudeaketa eta uraren eta zamarren zerga kobratzea Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoaren esku utzi zituen Ondarroako Gestorak, eta ura kenduko zietela jakinarazi zieten askori. «Une kritikoa izan zen hori», dio Urruzunok. «Ez genekien aurrera jarraitu ala ez. Beste batzar bat antolatu genuen, eta beste behin, desobedientziarekin aurrera egitea erabaki genuen. Eta gaur arte iritsi gara. Halako jendearekin, edonora joan zaitezke», aitortu du Urruzunok.

Hemendik aurrera

Hemendik aurrera zer egingo duten galdetzerakoan, Urruzuno ez da erantzun zehatzik ematera ausartzen. «Kontziente gara ez dela egoera demokratiko osoa lortu, jende batek ezin izan baitu hauteskundeetan aurkeztu. Egoera hau ez da guk nahi eta eskatzen duguna, baina lorpen garrantzitsua da. Hasieratik esan genuen zergak ordaintzea gure betebeharra zela eta gure eskubideak errespetatzen zituzten momentuan ordaintzen hasiko ginela. Orain zer egin, denon artean erabakiko dugu».

Argia Ituarte, Ondarroako Bilduko zerrendaburua da. Datozen hauteskundeetan, berak dioenez, «Alkatetzara ailegatu edo ez, desobedientzialariekin hitz egingo dugu». Udalaren filosofia aldatu nahi dutela esan du Ituartek, alderdi politiko guztiekin eta herriko talde ezberdinekin aritzeko gogoz daudela ziurtatu du, «desobedientzialariekin ere bai, noski». Ondarroako Bilduren lema, «Herrixe Udaletxea» [Herria Udalera] da, eta herritarrak ondarroar guztiak direla dio Ituratek. «Udalera iristen garenean, gaiaren inguruan ongi informatuko gara eta eman behar diren pausoak emango ditugu. Eurek erabaki beharko dute desobedientziarekin jarraitu edo ez, baina Udalaren erabateko laguntza izango dutela jakin dezatela nahi dugu».

Unai BELAUSTEGI

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo