GARA > Idatzia > Euskal Herria

Legorretako EAJko alkate ohia, hirugarren aldiz epailearen aurrean

Tolosako Epaitegian deklaratuko du gaur goizean Legorretako EAJko alkate ohi Xabier Iraolak. Zubiaurreko etxebizitzen proiektuaren kudeaketan udal langile bat idazkari lanetan jartzea eta udal diru-kutxan behar baino 300.000 euro gutxiago biltzea egozten diote.

p018_f02.jpg

Janire ARRONDO |

Behin sokatik tira eta tira hasi denean, Legorretako udal gobernuak aurreko legegintzaldietako EAJren kudeaketan uste baino irregulartasun gehiago aurkitu ditu. Xabier Iraola EAJko alkate ohi eta egungo zinegotziak prebarikazio, desjabetze ilegal eta influentzia-trafikoagatik inputatuta lehenago ere deklaratu badu ere, Zubiaurreko hirigintza hitzarmenaren aldaketari buruzko azalpenak eman beharko ditu gaur.

Behin EAJren udal kudeaketa aztertzen hasita, udal gobernuak hirugarrenez jo du Iraola alkate ohiaren aurka. Hala, gaur «Zubiaurre kasuan» ustez prebarikazio delitu baten arduradun izateagatik, idazkari bat legez kanpo izendatzeagatik, ondasunen eralketagatik eta udal langile bat erosteagatik inputatu gisa deklaratuko du EAJko alkate ohiak. Iraolak inputatu gisa azalpenak emateaz gain, idazkari lanetan jarri zuten udal langileak lekuko gisa deklara dezala ere eskatu zuen akusazioak.

Legorretako Udalak GARAri azaldutakoaren arabera, Iraolak zuzenean parte hartu zuen Zubiaurreko lurren kalifikazio-aldaketan eta kudeaketan. Tartean, hainbat erabaki hartu ahal izateko, «presaka» udalbatza bildu zuten, «idazkari lanetarako formazio akademiko zein esperientziarik ez duen udal langile bat paper horretan jarriz».

Zubiaurren 68 etxebizitza eraikitzea aurreikusita dago, eta dirudienez, Iraolak enpresa eraikitzailearen esku utzi zuen Udalari ordaindu beharreko diruaren zenbatekoa erabakitzeko ardura, hirigintza aprobetxamenduaren %10 gisa, interesik ez duen arkitektoren batek egin beharrean. Kudeaketa horren ondorioz, diru-kutxan behar baino 300.000 euro gutxiago sartu ziren.

EAJk ireki zuen bidea

2007ko hauteskundeetan erabateko aldaketa iritsi zen Legorretara, EAJren «feudo» izan zen Udalak, ezkertiar eta abertzaletasunerako bidea hartu zuenean. Jeltzaleak gustura ez, nonbait, eta ezker abertzalearen udal kudeaketaren gaineko zurrumurruak zabaltzeari ekin zioten, bitan epaitegietara joz ezker abertzaleko Iñaki Oiarbide alkatearen aurka. Batetik Oiarbideren ustezko soldata igoera zein aholkulari bati ordainketa ilegalak egitea leporatu zion EAJk, eta bestetik lursail baten jabeekin egindako tratuaren gaineko ika-mika ere piztu zuten. Bi kasuetan Tolosako Epaitegiak atzera bota du EAJren salaketa.

Jeltzaleek epaitegietako bideari ekin ziotenez, ezker abertzaleak beste bi salaketarekin erantzun zien. Oiarbidek Xabier Iraola alkate ohia salatu zuen bizilagun baten lursailak prozeduratik kanpo desjabetzeagatik bertan erabilera publikorako bide bat egiteko eta udaletxeko aseguru polizak EAJko zinegotzi baten aseguru etxera esleitzeagatik. Bi auzi horietan inputatuta deklaratu du Iraolak Tolosan, orain zabalik dago auzi horien inguruko ikerketa eta epaiketa ireki edo ez erabaki beharko dute epaileek.

300.000 euro

Zubiaurreko etxebizitzak eraikitzeagatik Udalari ordaindu beharreko kopurua enpresa eraikitzaileak berak finkatu zuenez, kanpoko arkitektoek beharrean, behar baino 300.000 euro gutxiago jaso zirela dio Legorretako Udalak.

Bildu ez dadin Alkatetzara heldu, Legorreta Bizirik taldea osatu dute

Hauteskundeei begira, Bildu Alkatetzatik kanporatzeko asmoz Legorreta Bizirik deituriko plataforma osatu dute. EAJ eta Hamaikabat elkartu dira talde horretan, Goierriko beste hainbat herritan egin duten bezala, baina herritarrek diotenez, Aralar edo PSEkoek ere horiekin bat egin dute. Saiakera horien gainetik, Legorretako Bildu «ilusioz» dago udal gobernuari heltzeko. J.A.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo