ITSASOA
Urautsietako liskarrak: jende pilaketaren ondorioak
Urautsian izaten diren liskarrek azterketa bat merezi dute. Nat Young surflariak esandakoak hausnarketarako abiapuntu izan daitezke.
Haritz Larrañaga Altuna
Gero eta ugariagoak dira liskarrak urautsian. Arrazoi nagusienetako bat jende pilaketa da. Nat Young surflari historikoak orain hamarkada bat bat jorratu zuen gaia «Surf Rage» liburuan. Noizean behin geldialditxo bat egin eta egoeraren hausnarketa egitea komeni da. Udaberria da, olatu txikiak, eguraldi ona eta urautsietako jende pilaketak hemen dira.
Surfean aritzeko eredu gisa hartu ohi den arautegia ASPko legedian oinarritzen da, mundu osoko txapelketetan erabiltzen den eredua baita, eta ezagunena da gainera. Hala ere, badira legea moldatzen duten beste kode batzuk ere, kode etikoa kasu. Esate baterako, nagusiagoa denak lehentasuna izatea ez da txapelketa baterako balio duen araua, baina egunerokoan kontuan hartzeko arauetako bat izan daiteke.
Zenbait lekutan bertakoak dira nagusi, eta edozein arautegiren gainetik daude, haiek dute lehentasuna. Beste zenbait lekutan, berriz, kanpotarrek ez dute urautsian egoteko eskubiderik ere eta gerturatzen denak ondorio latzak jasan ditzake. Afera mamitsua da; surflariek askotan hitz egiten dute gai honen inguruan, denek izan baitute gertuko esperientziaren bat. Surf aldizkarietan urautsian izandako borroka eta istiluen berri askotan ematen da eta artikuluren bat edo beste ere idazten da, baina orain artean inork ez du sakoneko azterketarik egin. Jarraian gai hau jorratzen saiatu den surflari ezagun baten berri dakargu, udako zurrunbilo eroan sartu aurretik, irakurle bakoitza gaiaren inguruko hausnarketatxoa egitera gonbidatzeko aitzakia gisa.
Nat Young
Robert Young, Sydney hirian jaio zen, Australian, 1947an. 19663an, 16 urterekin, Australiako titulua irabazi zuen. 1964an munduko titulua irabazi zuen gazte kategorian, Manly Beachen, eta 1966an egingo zen munduko txapelketarako buru-belarri prestatzen hasi zen. Bob McTavish eta George Greenough surflariekin batera "Sam" izeneko taula bat diseinatu zuten. Orduko taulak baino txikiagoa eta estuagoa zen eta lema ere ohikoa baino zorrotzagoa zuen.
Nat taula hartu eta Kaliforniara abiatu zen. Han hiru aste egin zituen Ranch kostaldeko inguruetan surf egiten eta San Diegoko Ocean Beachera heldu zenerako indartsu zegoen. Aussie estiloaren aita bilakatu zen, estilo australiarraren aita, alegia. AEBtako surfarekin zerikusirik ez zuen beste zerbait zekarren, erreportarien esanetan, eta hortik sortu zen AEBetako eta Australiako surflarien arteko lehia sutsua. Ondorengo txapeldun australiarrak estilo horren oinordeko bilakatu ziren, hala nola Michael Peterson, Terry Fitzgerald, Simon Anderson, Mark Richards, Tom Carroll, Gary Elkerton eta Mark Occhilupo.
Bere surfa gero eta indartsuagoa zen, taulak txikiagoak eta borobilagoak ziren eta ezizen berri bat jarri zioten, Animal. Garai hartako hippy mugimenduan barneratuta, Australiako kostaldea ezagutzeko bidaiak egin zituen eta horrela topatu zituen gerora hain ezagunak egin diren Broken Head eta Lennox Head olatu famatuak.
1970ean, Smirnoff Pro Hawaii's North Shore txapelketa ospetsua irabazi zuen. 1974an, berriz, Coca-Colak Sydneyn antolatu zuen txapelketa batean hirugarren postua lortu zuen eta jasotako diru sari guztia ezkerreko alderdi politiko bati eman zion.
80ko hamarkada hasieran surfaren historia azaltzen zuen lehen liburukia idatzi zuen beste lagun batzuekin "The History of surfing".
Nat Young hara eta hona ibili da mundu osoan zehar bidaiatzen. Munduan diren surf egiteko leku ezagunenak eta ezagun ez direnak ezagutzen ditu, eta beti mantendu izan du surf maila altua zein garaiei egokitzeko gaitasuna. Bell's Beacheko txapelketa lau bider irabazi du. 80ko hamarkadaren amaieran eta 90ko hasieran munduko tituluak eskuratzen zituen oraindik, long board modalitatean. Azken hamar urte hauetan ere zenbait txapelketatan parte hartu du, master kategoriako munduko txapelketetan eta egun, 63 urterekin, surf egiten jarraitzen du.
Surf rage
Horixe da Nat Young-ek 2000. urtean argitaratu zuen libururako aukeratu zuen izenburua. Surfa eta haserrea lotzen ditu, beraz, izenburuan. 2000ko martxoaren 16an, Nat eta Beau, bere semea, haien etxe ondoan dagoen Angouireko eskuin olatu famatuaz gozatzen ari ziren, Michael Hutchinson izeneko beste surflari ezagun batekin eztabaida hasi zen arte. Eztabaidaren ostean, lehorrean zirela, hitzak ukabilkada bihurtu ziren eta Nat ospitalera eraman behar izan zuten.
Ospitalean izan zen denboran hausnarketarako beta izan zuen Natek, eta orduan idatzi zuen liburu hau. 1994ean ere izan zuen istripu bat mendian snowboard egiten ari zela, eta orduko hartan ere liburu bat idatzi zuen, «Nat's Nat and that's that», bere bizitza eta surfaren historia orokorra kontatzen dituen lana.
Naten esanetan, 1964. eta 1965. urteen artean gertatu zen lehen aldaketa. Surfaren helburu nagusia lagunekin egotea eta ongi pasatzea zen ordura arte. Hortik aurrera, berriz, helburua «irabaztea» bilakatu zen.
70eko hamarkada erdialdera lehen buruz buruko txapelketa egin zuten Burleigh Heads-en, eta orduan kirol hau behin betiko profesional bihurtzeko pauso gisa ikusi zuen jendeak. Buruz buruko sistema epaitzeko argiagoa zenez, irabazlea nor zen ere argiago zegoen.
Hala eta guztiz ere, txapelketa arauen gainetik bazen lehiatzeko kode etiko bat, zenbait jarrera gaitzesten zituena, baina hau ere aldatu egin zen. 1990eko gertakizun bat aurkezten du Natek paradigma aldaketaren adibide gisa.
Tom Carroll eta Damien Hardman australiarrak Narrabeeneko Coca Cola Clasic-eko finalean ari ziren lehian. Hardmanek itsuskeria bat egin zuen, izan ere, barruratzen ari zela Carrol hartzekotan zen olatu bereko aparra hartu eta besoak jaso zituen. Araudiaren arabera, Hardmanek zuen lehentasuna, aparretik gertuago baitzegoen, baina irabazteko modu itsusia zen hura. Gaur antzeko zerbait egitea normaltzat jotzen da lehiaketan, «aurkaria etsaia baita».
Bortizkeria edozein kiroletan ageri den fenomenoa da, baina surfean txapelketatik kanpo ere ageri da. Hala ere, Naten iritziz, kasu gehienetan jabego arrazoiak baino, lurraldetasunaren aferak pisu handiagoa du. Izan ere, kanpotar batek bertako bati olatua «lapurtzen» badio, egurtu egiten dute; bertakoen artean oso gutxitan izaten dira, ordea, liskarrak.
Indonesian, Hawaiiko Da Hui elkarteko kideek aspaldi zuten izen zaharra hartu dute, black shorts, eta modu berean jarduten dute, kanpotarrei egurra ematen. Tahiti, Tavarua, Fiji eta horrelako irletan ere bertakoen legea da nagusi. Brasildarrek ere ez dute fama onik. AEBetako zenbait urautsitan polizia egoten da uretako motoekin, borrokak ohikoak baitira. Alemanian, Municheko erreka batean sortzen den Bavaria izeneko olatu estatikoa, arreta handiz gordetzen dute bertakoek, eta argazkiak ateratzera gerturatzen denari harriak botatzen dizkiote. Eta adibideen zerrendak ez du amaierarik, ezta gurean ere.
Afera serioa da, baina inor gutxi ausartzen da proposamenak egitera. Nat Young-ek, ohiko arautegiaz gain, beste arau bat proposatzen du: «Lehentasuna, urautsian itxaroten denbora gehien daraman surflariak dauka».
Eztabaidaren ostean, lehorrean zirela, hitzen ondotik ukabilkadak etorri ziren eta ondorioz, Nat ospitalera eraman behar izan zuten zauri larriekin. Han izan zen denboran hausnartzeko beta izan zuen, eta tarte horretan auzi honi buruzko liburua idatzi zuen.
Tahiti, Tavarua, Fiji eta beste hainbat irlatan bertakoen legea da nagusi. Brasildarrek ez dute fama onik. AEBetako zenbait urautsitan polizia egoten da uretan borrokak ekiditeko. Gurean ere borrokak gero eta ohikoagoak dira, eta zerrendak luze jo dezake.