ITSASOA
M-28an itsasora!
Kirolak gizartean duen garrantzia kontuan hartu izan du botereak, gobernu era desberdinetan. Frantzian, esaterako, III. Errepublikan, gimnasia, ikuskizun hutsetik harago, hiritarrentzako eredu gisa aurkezten zen. Kirolariek, hiritar eredua lantzeko, pedagogia lana egin, eta aberria zein errepublika gurtzen zituzten. Kirol ikuskizunak gizarteari zenbait balio iradoki eta jendartea bideratzeko bitarteko bat ziren. Helburua, hiritarren berreraiketa moral zein fisikoan eragitea zen. Goitik beherako eskemak funtzionatzen zuen, beraz.
Gaur kirola dibertimenduzko ikuskizun bat da, helburu bakarra duena, ahalik eta ikusle gehien biltzea. Kirolak, aurrez zuen zama morala alboratu duela esan daiteke, baina eskemak goitik beherakoa izaten jarraitzen du.
Kirol arauak garbiak dira. Zehaztuta dauden arauen arabera jokatu behar du lehiakideak. Zentzu horretan, beraz, osagai demokratikoak ditu kirolak oro har, eta horrek egiten du herrikoi, hein handi batean. Lehiakide guztiek onartzen dituzten joko arauen arabera jokatu behar dute.
Gaur egun, surflariak ere kirolaritzat hartzen dira eta, beraz, gainontzeko kiroletako kideekin batera zenbait balio trukatzeko aukera dute. Inoiz sinetsiko ez nuena zera da, kirolarien artean surflari talde bat abangoardia bilakatzea.
Goitik beherako eskema iraultzeko asmoz, behetik gorako proposamen batekin datoz Algortako surflariak. Nork bere arloan bere hondar aletxoa jar dezala; Surflariek itsasoan, pilotariek frontoian eta mendizaleek mendian.
Surfa abiapuntu gisa hartuta eta egun kirola jendea biltzeko bitarteko ederra dela kontuan izanda, joko zelai demokratiko bat lortzera bidean haien ekarpena egin nahi izan dute, prozesu demokratiko batean denok gure ekarpentxoa egiteko dugun eskubidea eta betebeharra errebindikatuz.
Itsasoruntz ekimenak, maiatzaren 28an Algortako portu zaharrean bustitzera gonbidatzen gaitu: «Ez ahaztu surf ohola».