GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Roberto Manjon Lozoya Hizkuntza-normalizazioko teknikaria

Zer sortu, non bildu

Egoera arin eta erabat alda daiteke, baldin eta sistema krisi sakon batean sartzen bada. Horren atarian gaude Abertzaletasun antikapitalistak zelularitatearen munduan aurkitu beharko du tokia, autoeraketa komunitaristan

Eragozpen askotxorekin, Bildu behin-behineko modura legeztatu dute. «Behin-behineko modura» diot, legedian ezarritako prebentziozko neurrien arabera, erakundeetatik bizkor kanporatu ahalko baitute Bildu eta Espainian nonahi botere-euskarriak mehatxatzen dituen edonor, ezker abertzalea ez baita neurri horien jomuga bakarra, ez eta politikan bortxaren erabilera galaraztea ere. Izan ere, kapitalismo globala, gainbeheran dagoela, salbuespen-egoera hedatzen ari da mundu osoan barna. Etorkizun hurbilean, Mendebaldea txinatartuko da, ez alderantziz. Hori horrela, euskal mugimendu abertzaleak, kapitalismoaren etsai gisa hezurmamituz gero, legez kanpokoa izatea du patua. Beti egongo da lege egoki bat horretarako: norbaiten premiak egiten du legea, ez Jainkoak. Zuzenbide-estatua.

Abertzale antikapitalistok etorkizun hori gogoan diseinatu beharko genuke estrategia, independentziaren aldarriari testuinguruak emango baitio edukia. Egun, indar-metaketa taktika egokia izanik ere, hobe iparra ez galtzea, batik bat kargutzen bagara zinez zaila izango dela urte gutxitan erdiestea estatu nazionala ahalbidetu ditzaketen hausturak, hala gaurko masa-gizarteak erakusten duen desegituraketagatik nola euskal gizartearen osaera soziologikoagatik, bai eta botereak artean dituen oinarri eta sare politiko-militar sendoen kariaz ere. Irauli ahal izateko, borondatea eta estrategia ona ez ezik, nahitaezkoa da sistema bera ondo pitzatuta egotea. Koiuntura egokiak ere ezinbestekoak dira kapitalismoa kate-begi ahuletatik hausteko, Leninek frogatu zuenez. Alabaina, egoera arin eta erabat alda daiteke, baldin eta sistema krisi sakon batean sartzen bada. Horren atarian gaude.

Izan ere, aditu askoren ustez, kapitalismo globala kolapsora doa hurrengo bi hamarkadetan, krisi energetiko sakon batean erorita, eta horri krisi klimatikoa eta hondamendi ekologikoa gehituta (R. Fernández Duran, 2011). Agian munduak ez du itxura hori ematen, kapitalismoa hain harro ikusita, haatik, milaka urteetan zehar, hainbat zibilizazio harrotan sentipen bertsuak izan dituzte, errauts bihurtu aurretik oso boteretsu ziruditela. Gaitz historikoek hipertentsioaren antzera dihardute. Hartara, abertzale antikapitalistek kolapso-aldirako estrategiaz pentsatzen hasi beharko lukete, zer egin, nola jardun, norekin bildu, kinka horretara helduta, seguruenik, denok ez baikara ildo beretik ibiliko.

Aurreikuspen askoren arabera, agortzear dago kapitalismo industrialaren hauspoa izan den energia merkea. Erregai fosilen urritasun-aldian sartuko omen gara laster, eta, esanak esan, ez dago ordezkorik. Kapitalismoaren oinarrizko logika eten egingo da, ezin baitu iraun etengabeko hazkunde ekonomiko eta kapitalaren metatzerik gabe. Kapitalismo globalarenak 2030rako egingo du, eta ziur aski eskualde-kapitalismo batzuek ordezkatuko dute, baina logika desberdin batez: urritasun-kapitalismoaren aldia izango da. Eskualdeka antolatutako gune kapitalistok gatazkatsuak, gerla zaleak eta oso autoritarioak izango dira. Estatu nazional handiek susperraldi bat biziko dute nonbait, kapitalismoak estatu indartsuen babesa bilatuko baitu, (protekzionismoa, kapitalaren estatalizazioa). Estatu-kapitalismo berri baten ildoan, eredu faxistara hurbilduko dira, baina intxaur ustelaren antzera, kanpo gogorra eta mamirik ez.

Guztiagatik ere, urritasun-kapitalismoak mende bat baino gehiago iraun lezake, gero eta deseginago, igeltsuzko habe batzuen gainean. Biziraupen-borrokak ordeztuko du egungo tribu postmodernoen kontsumismo hedonista. Urritasun-gizartearen dinamikak nagusi, erkidego berriak, gutxi-asko tribalizaturik, hedatuz joango dira, egitura bakunak, sendoak eta malguak izanik, egokiagoak baitira bizirauteko. Aldi berean gertatuko dira esperientzia komunitaristak eta arpilatzaileak, baketsuak eta bortitzak, maiz sinbiosian. Txarrena, metropolietan biziko dute. Esku-lana berrindartuz joango da, eta baserriratze berri bat. Estatu berrindartuak ez du aurrean fronte boltxebike bat kausituko, botere politikoa zartarazi eta haren zatitxoez jabetuko diren hamaika gune baizik. Gizarteko osagaiak sakabanatu ahala, erresistentziek ere sinpleak eta barreiatuak izan beharko dute, zelularrak. Sinpletasunak emango du abantaila handia, baita ideien munduan ere. Sistema konplexu bat ahultzen denean, organismo sinple xumeak hilgarriak dira.

Arian-arian, erkidegoek gizartea irentsiko dute. Abertzaletasun antikapitalistak zelularitatearen munduan aurkitu beharko du tokia, autoeraketa komunitaristan. Desestatalizazioren garaia izango da estatu-eraikuntzarena baino areago. Independentzia eta euskalduntasuna komunitarismo horretan beteko dira esanguraz. Hain zuzen, izaki kulturalak garenez, lotura sinbolikoak behar ditugu kohesioa bermatzeko. Identitate etniko euskaldunak berebiziko tokia izan dezake.

Jakina, zibilizazio-porrot baterantz goazelarik, abaildura balioen mailan ere gertatzen hasi da, kulturako hainbat zantzuk seinalatzen dutenez (R. Manjón, «Uztaro», 74 zk.). Alta, izaki kulturalok mitoak ezinbestekoak ditugu. Abangoardia batek bere gain hartu beharko du jainkoak berriro herriratzeko eginkizuna. Askok oraingo bidetik jarraituko dute, monoteismo kristauari atxikirik: Jainkoa maitasuna da. Garaiak, ordea, gizaki irekiago bat beharko du, eredu batera murriztu gabea, ongi eta gaizkitik haratago. Humanismoarenak ere laster egingo du. Politeismo berri batera goaz, logika anitzekoa, gizakiaren eitea askotarikoa baita: maitatzen eta gorrotatzen du, kooperatu eta lehiatu, bakezale eta gerrazale, mistikoa eta lizuna. Jainkoekin adiskidetzeko garaia heltzear dago, bekatarien amaiera, Jainkoek, gu bezalakoak izanik, hoben bakarra zigortzen baitute: natura bortxatzea (hybris), gehiegikeri; hori da bekatua, gurea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo