GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria, Irakaslea

Gu aitzina goaz

Hemen hasi den martxa ez da geldituko, oztopo bat bertzearen ondotik gainditzen joanen gara. Duela hogeita hamar urte gutxi ginen; gaur asko gara herria eraikitzeko asmoa indartzeko gogoarekin. Ukatzen ahal gaituzte; gu aitzina goaz

Duela hogeita hamar urte Miterrand boterera heldu zen. Azken egun hauetan gertakari horren gora eta beherak aztertu dituzte prentsa mota guztietan. Aldaketa handia izan zela zioten denek. Aldaketa noski, orduraino eskuina egon baitzen Eliseoan eta bat-batean, sozialista bat Parisen.
Preso politikoak atera ziren. Euskaldunentzat ere berri ona izan zen. Euskal departamendua ere agindu zuen eta ez zen inoiz horretara heldu. Guretzat ez zen hau baino gehiago izan, berri onen aldetik. Presoak kanpoan gelditu zirela alegia. Gainerako arlo politiko, ekonomiko eta kulturalean ez genuen aldaketarik ikusi. Alderantziz, GALen afera bere poliziaren onarpenarekin ibili zen, bere babes politikoarekin, estradizioak eta gainerako kanporatze, preso sartze eta askatasun galtze lerro luzea gertatu zen. Euskararen ofizialtasuna ez zen heldu Miterranden gobernuetatik, ezta garapen ekonomikoa ere, ez bada turismoaren indartzea, nortasun ezabatze saiatzeekin.
Baina guk Bobby Sand atxiki dugu gogoan, beste hamahiru preso irlandarrekin, bizia presondegian utzi zutenak gose greba luze eta gogorren ondotik. Horiek gorde ditugu gurekin, aste, egun ikaragarriak izan baitziren. Gertakari horiek ez ziguten deus onik iragartzen, hain askatzaile heldu zen presidente berri honengandik, ez genion deus entzun irlandar presoei buruz.
Euskal arazoari buruz ezkerrak ez du hogeita hamar urte horietan inongo urratsik eman, ingelesengandik, espainolengandik errepresioa antolatzen ikasi dute. Geroztik irlandarrak ingelesekin negoziatzen ikusi ditugu, espainolak ere ikusi ditugu, ongi edo gaizki, baina negoziatzen. Frantsesentzat lur honetan ez gaude. Gure gainetik pasatzen dira.
Alta, urrats asko emanak izan dira, debate hertsi, zabal, anitzak antolatuak izan dira eta frogatua izan da bertako jende asko, kolore guztietakoak prest daudela debateen irekitzeko. Proposamenak egin dira, eskari umilak, departamenduarenak adibidez, baditu hogeita hamar urte, hemen prest ziren abertzaleak ere horretaz hitz egiteko, prest agertu dira asko instituzio bati buruz hitz egiteko, autonomia proposamena ere mahai gainean dago. Frantses estatuak ez ditu begiratu ere egiten. Harentzat ez gaude.
Alta, Herri Urratsen egunean, hor geunden, sekula baino gehiago! Hegoaldeko laguntzaile asko hor zeuden, haatik Ipar euskal Herrikoak sekula baino gehiago izan dira. Frantsesez entzun da ibilbide guztian, eta frantsesez aritzea ez bada helburua, horrek erakusten du Seaskaren eragina, euskararen inguruko mundua zabaldu dela. Oztopo ugari jartzen zizkion gizarte bati aurre egin zioten eta euskal mundua zabal egin dute. Ipar Euskal Herriko gizarte guztiak ikusten gaitu gaur egun, hau saihestezina da, baztertu ezina.
Bide beretik jarraitzen dute noski. Irakasle postuak ez dituzte ematen, presoak sakabanatzen dituzte, kondenatzen dituzte, jipoitzen dituzte. Pentsatzen dute hau dela bidea. Bide hetsia. Hemen hasia den martxa ez da geldituko, oztopoak bata bertzearen ondotik gainditzen joanen gara. Duela hogeita hamar urte gutxi ginen; gaur asko gara herria eraikitzeko nahikeriaren indartzeko gogoarekin. Ukatzen ahal gaituzte, gu aitzina goaz; geroa gurea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo