Usurbilgo «alkate kuttunak» Eusko Labelaz ase zituen eztarri egarrituak
Usurbilgo ereserkiak dioen bezala, herriko «alkate kuttunak» merezi duen protagonismoa izan zuen atzo. Zenbaki borobila izan zen gainera, XXX. Sagardo Eguna baitzuten. Batez ere Eusko Labelaren zigilua daramaten 22 sagardo dastatzeko aukera izan zuten bertaratuek. Orotara 38 sagardogile batu ziren hala ere Gipuzkoako herrian.
Euripean eman zion hasiera Usurbilgo Sagardo Egunaren 30. edizioak. Euria ez zen, hala ere, oztopo izan. Ekitaldiari hasiera eman eta bertaratutakoak girotzeko lanetan Inaxio Usarralde aritu zen. Honek argi esan zuen: «Badirudi eguraldia gure alde dugula, sagardoa ere fresko-fresko dugu-eta». 11.30ak ziren orduan, eta sagardo dastatzen hasi aurretik, Joxe Mari Soroak eta Mikel Ezkerraren senideek parte hartu zuten irekiera ekitaldian. Biak ere herriko abeslari izandakoak dira. Usurbilgo ereserkia kantatu zuen Soroak, frontoian bildu zirenen laguntzarekin. «Usurbiltarrak daukate sagardua alkate / Irrintziz pozturik, bildurrak azturik ibiltzen dira goiz arte» dio abestiaren zati batek, hain zuzen.
Une horretatik aurrera, eta eguerdi-arratsalde partera arte, Askatasuna plaza, Dema plaza eta frontoia jendez bete ziren. Joxe Mari Soroak giroa alaitzen jarraitu zuen, eta bien bitartean, 38 mahaietan banatzen hasiak ziren sagardoa dastatzen aritu ziren usurbildarrak eta kanpotik etorritakoak. Une horretan hain justu eguzkia ere atera zen, askoren lasaitasunerako.
Sagardoaren jatorriari dagokionez, Usurbileko bertako hainbatez gain, Gatika, Irun, Astigarraga, Hernani, Urnieta edo Azpeititik iritsitakoak aurki zitezkeen, besteak beste.
Labeldun sagardoa
Aurtengo Sagardo Eguna berezia izan dela diote antolatzaileek. Egun borobila lortzeko prestaketa lanetan Sagardo Egunaren Lagunak aritu ziren, dozena bat lagun. Berezia, Eusko Label zigiluko hainbeste sagardo batzen zen aurreneko aldia zelako.
Eusko Labeleko 22 sagardo probatzeko aukera izan zuten Usurbilen. Orotara bost gehiago ere badira Euskal Herrian izendapen hori dutenak. 2010. urteko uzta da zigilu hau duen lehena. Aurten botilaratutakoak dira; batzuek, ordea, oraindik ez dute sagardoa botiletan sartzen amaitu. Usurbilekoa izan da horrenbeste Eusko Label batu duen aurreneko plaza.
Mahai bakoitzean, sagardotegi bakoitzeko ordezkariek 120 botila zituzten husteko. Eta edalontziei dagokienez, 6.000 zituzten banatzeko antolatzaileek. Hauen asmoa, urtero legez, esku hutsik gelditzea. Izan ere, edalontzia 3,50 euroren truke hartuta, nahi adina sagardo edateko aukera zuen jendeak.
Goiz parte osoan, baserrietan sagardoa egiteko antzinako modua irudikatzen aritu ziren Dema plazako oholtza gainean; sagarraren aurreneko zukua ateratzen, alegia. Horretarako sagarrak «matxakan» sartu, eta, horrela sagarraren mamia lehertuz. Hartzitu gabeko sagar muztioa proba zitekeen.
Aurreko urteetan egin izan den sagardo botatzaileen txapelketa bertan behera uztea erabaki zuten antolatzaileek. Izan ere, Asturiasen ohikoa den sagardoa ateratzeko moduan zegoen oinarrituta lehiaketa. Aurtengoan, beraz, eta gurean tradizioa bestelakoa denez, lehiaketa alde batera uztea erabaki zuten. Datozen urteetan zer egingo den nork jakin.
Askatasuna plazan, Eusko Labeleko txekorra erretzeaz gain, ohiko lukainka eta txistor pintxoak ere baziren, eztarria bustitzeaz gain sabela betetzea ere garrantzitsua baita. Fanfarrea ibili zen bazterrak girotzen. Usurbilen festak luzaroan iraun zuen. Arratsalderako erromeria zegoen iragarrita frontoian; sagardoa eta dantza, beti baitira adiskide minak batzen diren txoko guztietan.
Ana ABARIZKETA