Musikeneko gatazkan ikasleek hitza hartu dute eta ekintzari heldu diote
Carmen Rodriguez Suso, Musikeneko koordinatzaile nagusia, komunikabideekin bildu eta egun batera, Musikeneko ikasleek ohar bat irakurri zuten larunbatean, Miramonen egindako kontzertu baten ostean.M. LARRINAGA | DONOSTIA
Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian izaten ari den gatazkan topo egiten duten bi aldeek hitz egin zuten aurreko ostegun eta ostiralean. Batetik, dimisioa aurkeztu duten langile, irakasle eta ikasleen ordezkariek Carmen Rodriguez Suso ordezteko eskatu zuten ostegunean. Bestetik, ostiralean, Rodriguez Susok ez zuela dimitituko azaldu zien Miramar jauregian bildu ziren kazetariei, ikasleriaren zati handi baten eskariei kasurik egin gabe. Larunbatean, gazte horiek Donostiako Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren egoitzan eskaini zuten kontzertu baten ostean hitza hartu zuten.
Ikasleek atzo zabaldutako komunikatu baten bidez aditzera eman zutenez, errebindikazio horrek zentsura saiakera bat izan zuen larunbat arratsaldean burutu zuten entseguan Juan Carlos Perez zuzendari akademikoa eta Carmelo Labirua-Iturburu ekonomia kudeaketako burua agertu zirenean. Ikasleen hitzetan, zuzendaritzako bi kideek emanaldia bertan behera utziko zutela esanez mehatxatu zituzten ikasleak nolabaiteko errebindikazio ekimenen bat burutuz gero, eta halakorik gertatuko ez zela agintzen zuen dokumentu bat sinatzera behartu nahi izan zituzten. Ikasleek ez zuten sinatu azkenean, eta kontzertua bakean emango zutela hitzeman zuten. Hala ere, orkestra horretan ez dute ikastegiko ikasle guztiek parte hartzen, eta kontzertuaren amaieran, Musorgskiren «Erakusketa bateko koadroak» pieza interpretatzen ari zirela, ikusleriaren artean zeuden gazteak eserlekuetatik jaiki eta agertokira igo ziren «Musikene salba dezagun» lema idatzita zuen kartel banarekin.
«Musikenerekin hondoratuz»
Emanaldia amaitzean idazki bat irakurri zuen ikasleetariko batek, auzi honetan beraiek duten iritzia emateko. Kezka azaldu dute Musikenek bizi duen krisia dela-eta. Izan ere, «txikiak ginenetik egin dugun esfortzua eta Musikenen jarri genuen ilusioa, abiada bizian ari da desagertzen», dio testuak. Gainera, beraien ustez, jadanik ez dute inongo irtenbiderik: «Hondoratzen ari den ikastegi bati lotuta ikusten dugu geure burua, gaur egun ezin baikara beste kontserbatorio batera joan».
«Musikenerekin batera ari gara hondoratzen eta inork ez gaitu laguntza eske entzun. Arrazoirik gabe ari gara hondoratzen; izan ere, alde ekonomikoa beste modu batera kudeatzea beharrezkoa dela ulertzen dugun arren, Musikenek kalitatea galtzera baino ez dago bideratuta aldaketa hau, ez murrizketara. Beste kontserbatorio bat izan dadin nahi dute, penintsulako kaskarkerian sartutako bat». Gainera, Europa mailan ikastegi onenetarikotzat hartu izan den Musikenen ikasi ahal izateko familia bakoitzak egin behar izaten duen esfortzu ekonomikoa ere nabarmendu dute.
«Musikenerekin batera hondoratzen ari gara eta ez dugu halakorik nahi gazteak garelako eta ez dugulako proiektu honekiko ilusioa galdu nahi, gure etorkizuneko proiektua den honekiko. Musikarekiko ilusioa da nahita ere kendu ezin diguten gauza bakarra», esanez amaitu dute oharra.