GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

AIZKORA Urrezko lehiaketa

Azurmendi eta Rekondo dira finalerdietan sartzen lehenak

Leitzarrak atzo mendean hartu zuen Arriarangoa Olaztiko pilotalekuan.

p044_f01.jpg

Jon LEUNDA

Iñaki Azurmendi eta Jon Rekondo dira Urrezko Aizkorako finalerdietarako sailkatu diren lehen aizkolariak. Azken hori, gainera, ezustean sartu da; izan ere, ez baitzegoen ligaxka jokatzeko sailkatuta, baina Olasagasti gaixorik dago, eta horren ordez jokatu du berak ligaxkako azken jardunaldia, eta irabazi egin duenez, sailkatu egin da.

Atzo amaitu zen A multzoko ligaxka. Azurmendi eta Olasagasti ziren lehiatzekoak, baina esan bezala, igeldoarra gaixo zegoenez, Rekondo eraman zuten hura ordezkatzeko. Rekondok irabazi egin zuen, eta hortaz, bera, Azurmendi eta Larretxea saio bana irabazita geratu dira, eta orduan bakoitzaren denborak hartu behar izan dira kontuan. Hala, Azurmendi izan da multzoko onena, bigarren Rekondo eta hirugarren Larretxea. Azken hori kanpoan geratu da, eta Olasagasti ere bai.

Ligaxkan egiten ari diren lan bera egin zuten asteburu honetan ere, hala nola: 45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagoan moztu, tamaina bereko enborra erlojuz kontra erdibitu, tamaina bereko enborra zutik jarrita moztu, 60 ontzako bana erdibitu, eta azkeneko lana, bi 45 ontzako moztu eta beste lau kana-erdiko erdibitzea izan zen.

Azurmendik atzoko lana bikain hasi zuen. Kolpekakoan nagusi izan zen, 45 ontzakoa 39tan moztu zuen, hiruren aldea ateraz aurkariari. Bigarren lanean, nafarrak aurre hartu zion, erlojuz kontra 57 segundoan bota baitzuen eta hiru segundo kendu zizkion gipuzkoarrari, saioa berdinduz. Zutikakoan alde dezentea lortu zuen Rekondok, minutu bat eta 29 segundoan moztu baitzuen enborra, eta 1.48 izan zen Arriarangoaren denbora. 60 ontzakoa, berriz, 2 minutu eta 3 segundoan amaitu zuen nafarrak, eta 16 segundo atera zizkion. Iraupen proba 12 minutu eta 1 segundoan amaitu zuen Rekondok, eta 12 minutu eta 25 segundoan Azurmendik. Denetara 17 minutu eta 12 segundo behar izan zituen Rekondok, eta 18 minutu eta 11 segundo Azurmendik.

Atutxa

B multzoan, herenegun Zeanurin Lopezek aukera galanta zuen finalerdietara sailkatzeko txartela lortzeko, baina horretarako Atutxa menderatu behar zuen, eta galdu egin zuen. Orain itxaron egin beharko du azkeneko jardunaldira bitarte. Hura Atutxak irabazten badu, biak sailkatuko dira, eta Mugertza II.ak irabazten badu, denborei begiratu beharko diete.

Kolpekakoan hasi zen Atutxa bere abantaila hartzen, 32tan erdibitu baitzuen enborra, lauren aldea ateraz aurkariari. Abiadura proban ere gailendu egin zen, 52 segundoan amaitu baitzuen enborra, zortziren aldea ateraz. Zutikakoan, ordea, Lopez izan zen onena, eta aldea murrizteari ekin zion. 1.18 izan zen bere denbora eta 1.26 bizkaitarrarena.

60 ontzakoa erdibitzerakoan, berriro ere Atutxa izan zen nagusi, minutu bat eta 40 segundoan amaitu baitzuen enborra eta lau segundo atera zizkion. Iraupen proba 10 minutu eta 2 segundoan amaitu zuen Atutxak, eta 10 minutu 36 segundoan Lopezek. Denera, lan guztiak egin eta gero, 14.32 izan zen Aitzol Atutxaren denbora eta 15.13 Juanjo Lopezena.

Saralegi eta Otaño, lehenengo finalistak

Aurtengo Urrezko Aizkorako lehiaketa lau mailatan ari dira jokatzen, eta jadanik badira lehen bi finalistak. Izan ere, herenegun Eneko Saralegik lortu zuen azken saiorako txartela, eta atzo Eneko Otañok, biak ere 19 urtez azpikoetan, eta han neurtuko dira elkarren aurka. Saralegik Zabaleta menderatu zuen finalerdietan, eta Otañok Vicente II.a.

23 urtez azpikoetan, finalerdietan sartu dira asteburuan Ohian Larretxea eta Erasun, eta lehendik sartuta zegoen Mugertza III.a. Atutxa ere sailkatuta dago, baina maila nagusian ere lehiatzen ari da, eta honi uko egiten badio, Rodriguez II.a sailkatuko da.   J.L.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo