GARA > Idatzia > Ekonomia

Ziburuko portuko arrantzaleen salmenta zuzenerako eraikina prest izango da urte bukaerarako

Badirudi Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak (MIG) Ziburuko portuan aspalditik iragarritako obrei ekingo diela oraingoan. Arrantzaleek arraina zuzenean saltzeko eraikin bat izango dute eta Donibane Lohizuneko lonja zaharra eraberrituko dute.

p038_f01141x201.jpg

Arantxa MANTEROLA

Urteak daramatza Lapurdiko arrantza portu bakarrak zenbait egokitzapenen zain. Paueko Kontseilu Nagusiaren ardurapean badago ere, Baionako MIG-ek kudeatzen du portua eta berrikitan iragarri du obrak laster hasiko direla. Hala, gaur egun arraina zuzenean saltzeko zenbait itsasontzik erabiltzen dituzten oihalpeko xuriak desagertu egingo dira, bederen Ziburu aldeko kaian daudenak.

Horien ordez, 18 metroko luzera izango duen egurrezko eraikin bat kokatuko dute, zazpi salmahairekin, behar denean desmunta daitekeena. Eraikitzeko baimena eskatua diote dagoeneko Ziburuko Herriko Etxeari eta 100.000 euroko aurrekontua bideratuko du obra horretara.

MIGeko arduradunek adierazi dute eraikin berria Donibane Lohizunetik erraz ikusteko modukoa izango dela. Ñabardura horrek badu bere arrazoia. Izan ere, badira bi urte baino gehiago Logicoop-eko arrantzaleek beraiek kokatutako karpa batean saltzen dutela arraina, bezero askoz gehiago erakartzeko leku egokiena Donibane Lohizuneko aldea dela baiteritzote.

2009ko otsailean arraina zuzenean saltzen hasi zirelarik, Logicoopekoek istilu eta kalapita ugari izan zituzten MIGekin, salmentarako hutsik dagoen lonja zaharra erabili zutelako. Afera epaitegietaraino heldu zen eta arrantzaleek isun bat ere ordaindu behar izan zuten, «lokala legez kontra okupatzeagatik».

Bitartean, MIGek berak bi karpa jarri zituen Ziburuko aldean, baina ez du inoiz lortu Logicoopeko arrantzaleok portuko beste aldera eramatea. Eraikin berria erakargarria eginez eta arrantzale guzti-guztiek erabiltzeko eskubidea izango dutela nabarmenduta, MIGekoek gonbita berritzen dutela esan daiteke. Lortuko ote duen ala ez, denbora izango da lekuko, Logicoopek ez baitu etsi lonja zaharra arrain eta produktu freskoen salmentarako erabiltzeko helburuan.

La Basquaise

Hain zuzen ere, obren beste atala lonja zaharraren birmoldaketarena da. Horretarako ere baimena eskatu du MIGek eta, azkenean, La Basquaise kooperatibaren proiektua hautatu dute lokal eraberritua erabiltzeko. Gai horrek ere hamaika gorabehera sortu ditu azken urteotan, arrantzaleek, Udalak, Kontseilu Nagusiak eta kooperatibek bakoitzak bere proposamenari heltzen baitzion.

Halere, ez dira jantziak salduko La Basquaisek proposatzen zuen bezala. Soilik itsas produktu eraldatuak (arrain kontserbak, zopak...) eskainiko dira bertan. Guztiak ez dira bertako arrantzatik eratorritakoak izango, baina MIGek dioenez, «horiek izango dute lehentasuna».

Lokalaren zati bat, gainera, portuaren sustapena eta ezagutza bultzatzeko erabiliko da, baina oraindik zehazteke dago zer modutan egingo den.

Bestalde, portuko barne-jarduerarekin zerikusia duten gainerako lanak ere aurreikusi dituzte. Les Recollets aitzineko komentuaren zati batean kokatutako zenbait zerbitzu eraikinaren beste aldera, -Urdazuri errekara eramaten duena- lekualdatuko dira.

2007ko uztailean sute batek zerbitzu hauen lokalak erabat suntsitu zituelarik, Les Recollets-eko zati batean kokatu ziren behin-behinean.

Orain, ordea, okupatzen duten zatia Ziburuko Herriko Etxearena da, 2008an Estatuari erosi zionetik. Udalak ondarearekin eta kulturarekin lotutako jarduerarako prestatu nahi du eta, horrenbestez, zati hori hustu beharko dute. Lekualdaketa egiteko 800.000 euro baliatukok dituzte eta obrak noiz hasiko diren ez dute zehaztu.

Egokitzapen hauek guztiak portuaren irudia eta barne-funtzionamendua hobetzeko baliagarriak izango direla espero dute bertakoek. Duela hilabete batzuk, «soilik gatazka eta liskarrak kaleratzen» zirela kexu ziren zenbait eragile. Esaterako, Mikel Epalza Itsas Gazteriako ordezkariak hori leporatu zuen itsasontzietan landare-olioa erregai gisa erabiltzeko esperimentuaren balorazioa egitean: «Eragile anitzen arteko elkarlan eredugarria da Itsasoa proiektua, emaitza oso onak izaten ari dena. Alta, ekimen positiboak baino, tamalez, enfrentamendu eta kalapitak gehiago hedatzen dira».

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo