GARA > Idatzia > Kultura

Artisten arteko hartuemanak Zorrotzaurre bizirik mantendu nahi du

Bilboko Zorrotzaurre auzoa luxuzko irla bilakatuko duen Master Planak ez dirudi atzera bueltarik duenik. Baina, heldu bitartean, geldirik ez egotea erabaki du Haceria Artea elkarteak. Horrela sortu da Zorrotzaurre Art Working Progress (ZAWP) proiektua. Hainbat pabiloi alokatu eta egokitu dituzte, artista hasiberriek euren lanak gauzatzeko lekua izan dezaten, eta era askotako ekintzak antolatuz, auzoari bizi berria emateko. Memoria historikoa ere gorde nahi dute.

p056_f01_140x88.jpg

Ane ARRUTI

Oraindik ez dakite zenbat denbora iraungo duten bertan, baina gauza bat argi dute: Zorrotzaurreko makroproiektua iritsi artean auzoari bizia eman nahi diote, bide batez, artistei aukera berriak eskainiz eta diziplina bateko zein besteko kultur sortzaileei elkarlanerako gonbita eginez.

Horretarako sortu da Zorrotzaurre Art Working Progress (ZAWP). «Haceriak hamalau bat urte darama diziplina kulturalak bultzatzen eta orain bi urte sortu zen ZAWP proiektua. Orduan hasi zen hemen aldaketa prozesua. Enpresa gehienak auzoa uzten hasi dira baina hemen jende bat bizi da, mugimendu bat dago, eta auzoari bizitza emateko zerbait egitea erabaki genuen, pabiloiak okupatzea. Leku handiak dira eta hemen gauza asko sor daitezke», azaldu du Miriam Ramirezek, Haceriako komunikazio arduradunak.

«Denbora bitarte horretan kokatzen da ZAWP. Pabiloi hauek agian 15 urtean hutsik egongo lirateke bestela eta, zergatik ez eman erabilera bat?», erantsi du Oihane Korresek, ZAWPeko komunikazio arduradunak.

Dagoeneko 5.000 metro karratuko espazioa eskuratu dute eta 60 kolektibotik gora dira proiektuarekin bat egin dutenak. Laguntza ekonomiko garrantzitsua jaso dute aurrera egin ahal izateko. Lakuako Kultura Sailak 500.000 euroko laguntza eman die espazioa eraberritzeko, eta beste 55.000 euro, proiektuen garapenerako. Bilboko Udalaren Lan Ekintza eta Bizkaiko Diputazioaren laguntza ere jaso dute.

Artea bultzatu eta memoria babestu

ZAWPek eskaintzen duen aukeretako bat da kostu txikian guneak alokatzea. «Ikusten dugu beharra dagoela, batez ere Bilbon. Artistak badaude, eta gauzak egiteko gogoa ere bai, baina lekua behar da. Horretarako bi pabiloi ditugu. Batean, gune zabalak sortu ditugu alokatzeko. Bestean, kabinak jarri ditugu eta bulego gisa alokatzen ditugu», dio Korresek. Bestalde, bertan parte hartzen dutenek ekimenak burutzeko pabiloi bat ere atondu dute. «Konkurrentzia publikoa du, diafanoa da, guztiz zabalik dago eta zorua zurezkoa da, dantza edo antzerkia egin ahal izateko. Bertan, ez hemengo `zawperrak' bakarrik, baita Bilboko edo Bizkaiko edozein etortzen bada ere, alokatzen dugu pabiloia».

Bestalde, beste hiru ardatz ere baditu proiektuak. Horietako bat da ZAWPek berak antolatzen duen programazioa. «Gure ekimen propioak egiten ditugu auzoa berpizteko eta Bilboko jendea ere bertara ekartzeko. Azken batean, hau Bilbo da eta jendeak ez du ezagutzen. Turismo bulegora joan eta Bilboko mapa eskatzen baduzu, hau ez da agertzen». Programazio horretan, urtaro aldaketa bakoitzean jaia antolatuko dute. Martxoaren amaieran ospatu zuten udaberrikoa eta 26 artistek obra ezberdinak egin zituzten bertan, kontzertuak ere egon ziren, Iñaki Uriarte arkitektoak hitzaldi bat eskaini zuen... Udakoa ekainaren 24tik 26ra izango da. Erakusketa ireki bat egongo da, baita reggae kontzertu bat ere. Ekainaren 18 eta 19an, berriz, hirigintzari eta iraunkortasunari buruzko jardunaldiak egingo dituzte.

Memoria historikoarekin ere lanean ari dira. Zorrotzaurreko eta Bilboko Memoria Industrialaren Interpretazio Zentroa sortu dute, «ez dugu nahi Abandoibarran gertatutakoa gertatzea. Nor gogoratzen da hor zer zegoen, zer gertatu zen? Ni behintzat ez. Dena bota zen, berriro sortu da, baina ez dugu gogoratzen», dio Korresek. Aritza Castillo historialaria ari da horretan lanean, auzoko pabiloi guztiak katalogatzen eta Zorrotzaurreko historia nolabait biltzen. Ahal den neurrian, gainera, Master Planean ageri ez diren eraikinak salbatzea lortu nahi dute. Oraingoz, ziurtatu ez dieten arren, 1.000 metro karratu dituen paper fabrikaren eraikina babestea lortu dutela uste dute.

Laugarren ardatza, bertan lanean ari direnekin 2.0. komunitate sortzea da. «Mundu birtualak ematen dituen aukera guztiak aprobetxatu nahi ditugu. Hona lanera datorren jendearekin, komunitate birtual bat sortuko dugu gure webgunean, nahi duena sartu ahal izateko eta ikusteko hemen lanean ari direnek zer egiten duten, eurekin kolaboratu... nolabaiteko beste sare bat sortu», diote.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo