Arabiar Ligak Obamaren diskurtsoa azter dezan nahi du Abbasek
Mahmud Abbas PAN Palestinar Aginteko presidenteak Arabiar Liga lehenbailehen elkartzea nahi du, Barack Obama AEBetako presidenteak joan den ostegunean eskaini zuen diskurtsoa aztertzeko. Turkiak ere aurrera egiteko aukerak ikusi ditu estatubatuarraren hitzetan.GARA |
Obama presidenteak esan zuen 1967ko gerra aurreko mugan oinarritu behar dela Israelgo Estatuak noizbait sortuko den Palestinakoarekin izango duena, hau da, urte askotan Israelek palestinarrei lapurtutako lur guztiak ez dituela Etxe Zuriak onartzen. Ekialde Hurbileko bake prozesuaren orain arteko mugarriak aldatzeko kemena izan dezake diskurtso horrek, eta horrexegatik Mahmud Abbas Abu Mazen PANeko presidenteak Arabiar Ligak lehenbailehen bilera egin behar duela esan du.
Abbasek Arabiar Ligako idazkari Amr Musa-ri egin dio eskaera. Palestinar iturriek Efe agentziari adierazi diotenez, presidenteak arabiar herrialdeetako Atzerri ministroak elkartzea nahi du, Obamak esandakoa aztertzeko. Bi aldiz hots egin zion telefonoz palestinarrak egiptoarrari, «estatubatuar agintariak egin dituen adierazpenetan arabiarrok landu dezakegun zerbait ote dagoen aztertzeko».
Musaren bulegoak jakinarazi du Ligako idazkariak arabiar herrialdeetako diplomazialari askorekin hitz egin duela, Abbasek eskatutakoa bete ahal izateko. Gainera, egiptoarrak Siriako, Libiako eta Yemengo krisiak ere Arabiar Ligakoen bilerako agendan sartu nahi ditu, elkartu beharrekoek onartuz gero.
Maiatzaren 19ko hitzaldian, Obamak esan zuen Israelgo eta Palestinako estatuen arteko muga 1967ko gerra aurrekoan oinarritu behar dela, eta palestinar herriak bere burua gobernatzeko eskubidea izan behar duela. «Estatu judu eta demokratikoaren ametsa ezingo da bete eten gabeko okupazioaren bitartez», erantsi zuen.
Hitz horien harira, Saeb Erekatek Abbasen izenean adierazi duenez, palestinarrek Israeli eskatu diote «bake prozesuari merezi duen aukera emateko». Ordu batzuk lehenago Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak erabat baztertu zuen muga 1967kora itzultzea, eta atzo Egiptoko Gobernuak Tel Avivekoaren jarrera salatu zuen, Obamak esandakoa bakea lortzeko bidean aurrerapausoa delakoan: «Egiptoko Gobernuak uste du Israelek hitzaldia hain bizkor arbuiatu izanak ez duela gauza onik iragartzen eta agerian uzten duela gatazka amaiarazteko borondaterik ez duela».
Turkiako Gobernuak ere baloratu du Obamak esandakoa. Ankarak 1967ko mugak aipatu izana ontzat ematen badu ere, Etxe Zuria Ekialde Hurbilarekiko oker dabilela dio. Bere ustez, AEBek bat egin beharko lukete Hamas eta Al Fata berradiskidetzeko prozesuarekin, Gobernu batua eratzea posible izan dadin. Hori litzateke bake prozesuan aurrera egiteko ezinbesteko urratsa.
Hamazazpi urteko palestinar bat hil zuen Israelgo Armadak Gazako erdialdean ostiral gauean, Al-Bureijeko iheslari eremuaren ekialdean. Okupatzaileen esanetan, muga legez kontra zeharkatu nahian zebilen palestinarra.