Itxaro Borda 2011/5/19
Migranteenak
berria
Europak, berezi Frantziak, mugak hersteko xedea daukanean eta atzerritarren aurkako zabarkeriak biderkatzen direnean eskuin muturretako politikarien ahoetan, kanpotik hurbildu besoak ekonomikoki baliagarriak zaizkiola agertzen du OCDE erakundearen 2010eko txostenak. Batetik lanik nekeenetan dabiltza eta bestetik lanaren kostuak nagusientzat apal arazten dituzte, inposak ordainduz edozein hiritarren antzera. Emigrazioak jendetza europearren zahartzearen zama arintzen du gainera eta krisia datorrenean migrante legalak dira langabeziaren lehen biktimak.
Txostenaren arabera, topikoak halatan purruskatzen dituela, bortxazko lumpen langileria horrek fortunaren gaineko zergak baino lau aldiz diru gehiago isurtzen du Pariseko agintarien ubideetara. Halaber erretreten norabide aholkularitzak azaldu du 2050ko epean pentsioen astuneria puntu erdiaz murriztu lezakeela urte oroz berrogeita hamar mila kanpotarrei etortzea baimentzen balitz. Ondorioz, edo boteretsuek ez dituzte OCDE-aren idatziak irakurtzen edo diskurtso xenofobikoak datxizkate jendaldeen sendimenduak manipulatzeko, infantilizatuko gaituen fazismo zuria hedatzea helburu.
Aukera ederra da hondarrean Lampedusa.