Rikardo Arregi 2011/5/18
DSK eta ezkerra
Deia
Udal kezka lo-eragileak albo batera utzi ditut pozik Dominique Strauss-Kahn jaunaren aferak egunkari eta telebistetara jauzi egitearekin batera. (...) Hollywood-i esker ikasi ditugun osagai guztiek apaintzen dute istorioa: jaun aberatsak zerbitzari pobrea, edo langilea gutxienez, bortxatu nahi zuen, antza; sistema judizialaren alde guztiak agertu dira: ustezko errugabetasuna, epaile zorrotza, polizia iparamerikar indartsuak; konspirazioaren zantzuak agerian daude konspirazio-teoriak maite dituztenentzat; arraza-gatazkak ere badu lekua: jaun aberatsa frantsesa eta judua da, zerbitzari pobrea, aldiz, beltza; jaun aberatsaren karrera politikoa kolokan dago, edo zuzenean amaituta, ustezko delituak larriak baitira; jaun aberatsa ez da, gainera, edozein jaun aberats, jaun aberats hau Nazioarteko Diru Funtsaren burua da, edo zen.
Zerrendak ez du bukaerarik: (...) DSKren irudia nazioarteko konpainia batek zuzentzen zuen produktua eta marka kudeatzeko, hobeto saltzeko alegia; jaun aberatsa luxuzko hotel batean zegoen (...).
Oraindik ez dut esan, baina jaun aberatsa ezkerrekoa da, Frantziako alderdi sozialistakoa, eta sozialista frantsesen itxaropen itxaropentsuena presidente-hauteskundeak irabazteko datorren urtean. Azken xehetasunak izan dira harrigarrienak niretzako (inozoa naiz oraindik, bai). Ezkerreko bat zen NDFren burua? Ezkerreko batek ordaindu du 3.000 dolar gaueko luxuzko hotel batean? (...).
Bat-batean ulertu du zertan datzan guztion ahotan dabilen ezkerraren krisiaren gauza hori. Zertarako behar dugu eskuina horrelako ezkerra badugu?