Preso politikoen eskubideen aldeko aldarriak hartu du Donibane Garazi
«Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herria» goiburupean mila lagun inguru bildu zituen atzo Donibane Garaziko kaleak zeharkatu zituen manifestazio jendetsuak. Era honetan, Nafarroa Beheretik euskal preso politikoen eskubideen aldeko aldarria zabaldu zuten. Estatu frantsesak eta espainolak «salbuespen neurriak» bertan behera utz ditzaten presioa egiteko deia egin zieten herritarrei Askatasuneko eta Etxerateko bozeramaileek.
GARA | DONIBANE-GARAZI
Estatuek konponbide demokratikoari heltzeko eskaintzen zaien aukera aintzat ez hartzea «onartezina» da, Etxeraten eta Askatasunaren iritziz. Hori dela-eta «urratsak egitea» eskatu diete bi estatuei, horien artean, «gatazkaren ondorio zuzena diren presoen eskubideak errespetatzea».
Donibane Garaziko kaleak zeharkatu zituen manifestazioaren amaieran hartu zuten hitza Etxerateko bi kidek eta Askatasuneko ordezkari batek, preso politikoei «xantaian, gorrotoan eta mendekuan oinarritutako politika» aplikatzen dietela salatzeko. Edozein egoera politikotan «onartezina» den jarrera egungo egoera politikoan are okerragoa dela uste dute. Horrela, Etxerat eta Askatasuneko kideek presoen egoera salatzeko mobilizazioak «inoiz baino beharrezkoagoak» direla azaldu zuten.
«Dagozkien eskubideen jabe, euskal presoak Euskal Herrira» lelopean egin zuten manifestazioa atzo arratsaldean, Nafarroa Behereko hiriburuan. Martxaren buruan euskal presoen 150 argazki, senide eta lagunen eskuetan. Inguruko bizilagunen zein larunbat arratsalde eguzkitsuak bultzatuta inguratu ziren turisten arreta erakarri zuen manifestazioak. Tartean, martxa abiatu orduko bikote argentinar batek presoen argazkiak ikusi zituenean, Argentinako «desagertuen» argazkiak kalera ateratzen dituzten senitartekoekin oroitu zen.
Herriko kaleetan barrena ibili ostean, amaiera ekitaldian dantzariek aurreskua dantzatu zuten presoen argazkien aurrean. Gero, Etxerateko kideek «presoek eta iheslariek bizi duten egoera» gogorarazi zuten. Bide horretan, espetxean hogei urtetik gora daramatzatenen izenak aipatu zituzten eta txalo zaparrada eskaini zioten bertaratuek bakoitzari. Era berean, Estatu frantsesean zein espainolean senide presoak dituzten Ipar Euskal Herriko 27 familien izenak aipatu zituztenean ere txaloekin erantzun zuten bertaratu ziren ehunka lagunek.
Askatasuneko ordezkariak presoen eskubideen aldeko aldarria zabaltzeko mobilizazioak beharrezkoak direla nabarmendu zuen, eta bi gobernuei «salbuespen neurriak» bertan behera utz ditzaten presio egiteko deia egin zien herritarrei. Euskal Presoen Kolektiboa osatzen duten 715 herritarrek jasaten duten sakabanaketa eta urrunketa mahai gainean jarri zuten ekitaldian, baita espetxeetan areagotzen ari den bakartze politika ere. Era berean, bereziki gogoan izan zituzten urte luzeak espetxean eman eta kondena luzatu dieten gizon eta emakumeak, Antton Troitiñoren kasua lotsagarritzat joz. Eusko gudariak abestuz amaitu zuten ekitaldia.
Ia zortzi urte espetxean eman ondoren, ostiralean aske geratu zen Mikel Ilarramendi. Estatu frantsesetik kanporatua izan eta Madrilera hegazkinez iristean bertan geratu zen aske.
Ostiral goizeko bostak inguruan atera zuten Ilarramendi Saint Martin de Re espetxetik, eta Barajasko aireportura iristean, zain zituen bertara autobusez inguratu ziren hogeiren bat lagun, eta, hala, senide eta lagunekin batera egin ahal izan zuen preso ohiak Euskal Herrirako bidea. Bai Eskoriatzan, baita Oñatin ere, lehenbiziko harrera beroa eskaini zioten ehunka lagunek.
2003ko uztailaren amaieran atxilotu zuen Polizia frantsesak, eta 10 urteko espetxe zigorra ezarri zioten. Hala, maiatzaren 19an bete zuen ezarritako zigorra; kanporatu eta Estatu espainolean berriz atxilotua izateko arriskua zuela salatzeko azken hamar egunak gose greban zeramatzan Ilarramendik.
Pasai San Pedron, bestalde, elkarretaratzea egin zuten ostiralean 75 lagunek, espetxean 25 urte beteko dituen Jon Ander Urkizuren eta gainerako preso guztien askatasuna eskatzeko; era berean, Hondarribian 37 lagun bildu ziren larunbat eguerdiroko protestan. GARA