GARA > Idatzia > Euskal Herria

Atzo Tolosan abiatutako AHTren aurkako mendi martxa Hernanira iritsiko da gaur

p025_f02_93X84.jpg

GARA | TOLOSA

Tolosa eta Hernani artean mendi martxa antolatu du Abiadura Handiko Trenaren Aurkako Asanbladak, atzo hasi eta gaur amaitzeko. Ibilaldiaren helburua, AHTren ibilbidea, eraginak eta egungo egoera zein den ezagutzea izan- go da.

Tolosa eta Hernani artean azpiegitura ugari daude, besteak beste, N1 errepidea, industrialdeak, Leitzarango autobidea, harrobiak eta orain gutxi ireki den Urumeako autobide berria. Horiek guztiak bertatik bertara ikusi zituzten atzo, eta gaur horretan jarraituko dute. Horrez gain, hemendik aurrera egitekoak diren proiektuen berri emango dute, bai AHTrekin lotura zuzena dutenak bai AHTk bultzatzen duen gizarte ereduarekin harremana dutenak.

Tolosa eta Hernani artean AHT eraikitzeko ia lur guztien desjabetzeak eginda daude dagoeneko eta, beraz, eremu honetako lursail gehienak Estatuarenak dira.

Azken hilabete hauetan bi herrien arteko hainbat desjabetze ekitaldi bertan behera gelditu dira herritarren protesta ekintzen ondorioz; obren garapena oztopatzea lortu dute, baina asanbladak ohartarazi duenez, makinak laster hasiko dira lanean eta egun zundaketa batzuk egiten ari dira.

Batzeko aukera

Goizean goiz Tolosako tren geltokitik abiatu ostean, Anoeta eta Aduna igaro zituzten parte hartzaileek. Han gaua igaro ostean, 9.30ean ekingo diote martxari berriz. Nahi duen orok, eta, atzo parte hartu ez arren, bat egin dezake taldearekin, 11.00etan Andoaingo gaztetxean. Otordua antolatzaileek prestatuko dute, beraz, animatzen direnek ez dute bazkariaz arduratu beharrik.

Aurreikusitako orduan iritsiz gero, 18.00etan martxa Hernanira helduko da, irteerako helmuga. Ailegatutakoan, Portu auzoko plazatik kalejira abiatuko da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo