GARA > Idatzia > Kultura

Bost euskal filmek Europar Batasuneko MEDIA programaren babesa jaso dute

GARA | DONOSTIA

Bost euskal ekoiztetxek euren filmak egiteko bultzada jaso dute, Europar Batasuneko MEDIA programari esker. Egitasmo honekin, guztira 292.512 euroko diru laguntza jasoko dute bost film hauek: «A escondidas» (Mikel Rueda), «Brava» (Roser Aguilar), «Chaika» (Kinoskopik), «Another day of life» (Raul de la Fuente) eta «Cafe Louvre» (Arkaitz Basterra).

Veronica Sanchez MEDIA programak Euskadin duen bulegoko zuzendariak balorazio positiboa egin zuen proiektuen kalitatearen inguruan. 20 urte egin ditu aurten MEDIA programak eta urte horietan guztietan ikus-entzunezko profesionalen trebakuntza abiarazi dute, ekoizleei aholkatzeaz gain. Urtero 300 bat proiekturen garapena babesten dute, eta aurten bost euskal produkzio lagundu dituzte.

Mikel Ruedaren «A Escondidas» garapen prozesuan dago. Hamalau urteko bi gazteren amodio istorioa kontatu gura du Bilbo hirian. Ibrahim eta Rafa dira pertsonaien izenak eta aurreikuspenen arabera, 2012an hasiko da filmatzen.

Raul de la Fuentek (Nomadak TX) Kapuscinski kazetari mitikoaren inguruko filma egin nahi du. Orain Angolan ari dira protagonistak bilatzen.

Arkaitz Basterrak Pragan filmatuko du «Cafe Louvre» eta zuzendari, gidoilari eta ekoizle lanak berak egingo ditu. «Chaika» filmak proiektu onenaren Eurimages saria jaso zuen. Kinoskopik ekoiztetxeak Ahysa prostitutaren istorioa kontatuko du, Siberiako eta Kazakhstango paisaia lehorrak igarota. Iberrota Fims-ek, berriz, «Brava» filma jarriko du martxan. Roser Aguilar izango da zuzendaria. Pelikula horren bidez, krisi egoera pairatzen ari den emakume gazte baten istorioa kontatuko du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo