AIZKORA Desafioa
Zubizarretak majo lan egin eta saio erdian erabaki du
Resanok lehen sei enborretan eutsi zion azpeitiarrari, baina gero amore eman behar izan zuen.
Jon LEUNDA
Joxe Felix Zubizarretak irabazi zuen atzo Azpeitiko zezen-plazan jokatu zen aizkora apustua, Iban Resanori hiru minutu pasako aldea kendu baitzion desafioaren amaieran.
300 ikusle pasatxo batu ziren norgehiagoka ikustera. Aizkolari bakoitzak 60 ontzako hamar enbor erdibitu behar izan zituen, erdibana eramanda. Alde bakoitzak 3.000 euro jokatu zituen.
Hasieran dirua oso nabarmen atera zen Zubizarretaren alde, baina norgehiagoka gehienek uste baino estuagoa izan zen, lan erdiak bitarte, oso tarte txikia egon baitzen bi aizkolarien artean. Lehenengoan, segundo bat bakarrik izan zuen alde azpeitiarrak, eta hortik eta seigarren enborrera bitarte nafarra gipuzkoarraren gainean egon zen. Bazirudien Zubizarretak izan zezakeen edozein deskuidu nahikoa izan zitekeela Resano aurretik jartzeko.
Lan erdietako enborrean, ordea, ia egur erdia atera zion azpeitiarrak, eta hortik aurrera kontrolpean izan zuen apustua. Resano, gainera, nekatu egin zen; bere lana egiten jarraitu zuen, baina garbi geratu zen apustua nora joango zen.
Dudarik gabe, ezustea izan zen Resanoren lana, zale gehienek aldeak handiagoak izango zirela uste baitzuten, baina nafarrak lan bikaina egin zuen. Denborak ere onak izan ziren. Irabazlea 42 edo 44 minutu artean ibiliko zela esaten zen, eta 36 minuturen azpitik erdibitu zituen, eta galtzaileak ere 39 minutu behar izan zituen. Enborrez enbor Joxe Felix Zubizarretak pasatako denbora honako hau izan zen: 2.42, 5.54, 9.30, 12.35, 16.26, 20.00, 23.34, 27.55, 31.42 eta 35.53. Resano, berriz, honela joan zen enborrez enbor: 2.43, 5.59, 9.56, 13.16, 16.58, 21.19, 25.12, 30.08, 34.26 eta 39.06.
Amaieran, Zubizarreta pozez gainezka zegoen: «Nik uste baino lan hobea egin du berak. Hasieran lanak izan ditut, gainean ikusten bainuen, baina lan erdietatik aurrera ikusi dut abantaila hartu diodala, eta nire lana neurtuz aritu naiz, gerrian uzkurdura sentitu baitut», esan zuen. «Denbora ona egin dudala uste dut, lana ere bai, baina apustua galdu dut. Pena horrekin noa etxera», esan zuen, berriz, Iban Resanok.
Bi aizkolariek egindako denborak onak izan ziren. Irabazlea 42 minutu eta 44ren artean ibiliko zela iragartzen zuten artekariek, baina 36ren azpitik eta 39an amaitu zituzten lanak.