GARA > Idatzia > Mundua

Sumendi batek jaurtitako errautsen ondorioz, aire eremua itxi dute Islandian

Islandiako Grimsvotn sumendia botatzen ari den errautsa ostegunean edo ostiralean irits liteke Euskal Herrira. Larunbatean erupzioa hasi zenetik erakutsitako indarrari eusten badio, aukera hori ezin da baztertu.

p025_f01_148x104.jpg

GARA | REYKJAVIK

Keflavik Islandiako nazioarteko aireportua, herrialdeko garrantzitsuena, ixtea erabaki dute Islandiako agintariek arazoak saihesteko, baina adituek ez dute uste egunotako erupzioak orain urtebetekoak eragin zituen buruko minak sortuko dituenik.

Hala ere, Islandiako Grimsvotn sumendia botatzen ari den errautsa ostegunean edo ostiralean irits liteke Euskal Herrira. Eurocontrol agentziako adituek egin dituzten kalkuluen arabera, bihar iritsiko litzateke Eskoziako iparraldera. Joan den larunbatean piztu eta erupzioan hasi zenetik erakutsitako indarrari eusten badio, bederen, aukera hori ez dago baztertzerik.

Hogei kilometroko zutabea

Edonola ere, ez da espero gaur Europako beste aire eremuren bat itxi behar izatea. Beraz, Islandiakoa da gaur itxita dagoen bakarra. Atzo bertan, Keflavik aireportua ixteko agindua eman zuten Islandiako agintariek. Isavia hegazkintza zibileko arduradunek jakinarazi zutenez, «errautsek Islandiako aire eremu guztia hartuko dute, hurrengo orduetako aurreikuspenen arabera, eta horrek herrialdeko aireportu ia guztiak ixtea ekarriko du».

Arazoak eragiten hasi den Grimsvotn izeneko sumendia Vatnajokull izeneko glaziarraren azpian dago, hau da, Islandiako hego-ekialdean. Hamabost kilometroko altuera hartzen duten ke zutabeak botatzen ari da. Hainbat unetan hogei kilometroko zutabeak bota ditu. Hodeien artetik gora egiten dute hegazkinentzat hain arriskutsu diren errautsek.

Hala ere, Hjorleifur Sveinbjornsson meteorologoak herenegun adierazi zuen iazko sumendiaren erupzioak eragindako anabasa bezalakorik ez dela gertatuko. «Erupzio handia izan liteke, baina ez dirudi iazkoaren tamainakoa izango denik», esan zuen larunbatean.

Eyjafjallajokull gogoan

Grimsvotn izeneko sumendiak 2004an izan zuen azken erupzioa. Egunotakoa orain zazpi urtekoa baino arriskutsuagoa izan daiteke.

Edonola ere, iazko apirilean Eyjafjallajokull izeneko sumendiak eragin zituen arazoen tankerakorik ez dute aurreikusten adituek, David Rothery Unibertsitate Irekiko irakasleak adierazi duenez. Orduan Europako aire konpainia askok beren hegaldiak bertan behera utzi behar izan zituzten, errautsek eta sumenditik irtendako gainerako partikulek hegazkinen motorrak kaltetu zitzaketen-eta.

Grimsvotn sumendiaren erupzioak, aldiz, ez dira hain handiak izaten eta bertatik irtendako errautsek urrutira joateko aukera gutxiago izaten dute. «Atlantikoa zeharkatzen duten hegaldi batzuk desbideratu egin beharko dira, baina ez dut uste Europako aire eremua itxi beharra izango denik», David Rotheryren esanetan. Islandian bertan uholdeak eragingo ditu egunotako erupzioak, izotz asko urtuko baitu bertako berotasunak. Eskerrak sumenditik ehun kilometrora inor bizi ez den.

CHAMPIONS

Kataluniako hedabideek Islandiako sumendiaren erupzioak Bartzelona futbol taldekoen bidaia oztopa dezakeela nabarmendu zuten atzo. Championseko finala Londresen jokatu behar dute larunbatean.

100 kilometro

Grimsvotn inor bizi ez den eremu batean dago, bertatik 100 kilometrora ez baita etxerik. Beraz, erupzioak eragindako uholdeek kalte handirik ez dute eragingo. 2004ko erupzioaren ondorioz, ez zen aireporturik itxi beharrik izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo