HAUTESKUNDEAK EUSKAL HERRIAN M-22
Lasaitasuna nagusi, tokian tokiko arazoez gaindi
Hamabost egun iraun dituen kanpaina lasaia izan zen, eta atzo, oro har, beste hainbeste gertatu zen hauteskunde egunean. Hain zuzen, azken urteetan bizitako lasaienak izan ziren, aukera politiko guztiek izan baitzuten aurkeztu ziren hautagaitzetan beren isla. Non edo non hala ere, euskal preso politikoen aldeko pegatinek sortu zituzten arazoak Ertzaintza nahiz Guardia Zibilarekin.
Oihane LARRETXEA
Normaltasunez zabaldu ziren atzo goizeko bederatzietan Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako hauteslekuetako ateak. Egunak istilu eta ezbehar handirik gabe egin zuen aurrera, ezkertiar eta abertzaleek hauteskundeetara aurkezteko aukera izan baitzuten Bildu koalizioaren babesean, EA eta Alternatibarekin batera. Lasaitasuna nagusi izan arren, oroitu beharra dago ezker abertzaleak ez duela bakarka parte hartzeko aukerarik izan, Estatu espainiarrak Sortu legez kanpokotzat jo ostean.
Ezbeharrik gerta ez zedin, Barne Sailburuak ia sei mila ertzain jarri zituen Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Donostiako hautesleku batean, esaterako, Bilduren aldeko pankarta bat kendu zuten.
Guardia Zibilak ere hainbat pankarta erretiratu zituen Nafarroako hainbat herritako bozkalekuetatik; hain zuzen, Puiu, Tirapu, Eneritz, Artika, Zizur Nagusia, Arazuri eta Berriozarren. Halaber, Arruazuko udaletxeko fatxadatik eduki politikoko pintada bat ezabatu zuten.
Bitxikeriek ere izan zuten lekurik atzoko bozetan. Bilbon esaterako, Felix Serrano ikastetxeko hauteslekuan hiru pertsona lurrera jauzi ziren ordu erdian. Goizaldean euri zaparrada galanta bota zuen Bizkaiko hiriburuan eta, antza, uraren eraginez jolastokiko lurra oso labainkor zegoen. Hiru bizilagunoi jazotako ezbehar txikiak ez zuen bestelako larritasunik izan.
Bat edo beste umoretsu joan zen bozkatzera, Donostiako Egia auzoko bizilagun bat, kasu. Koloretako ileordea, tanga eta lumazko lepokoa jantzita, «demokrazia espainola zirku bat da» zioen kartela zeraman donostiarrak soinean boza eman zuenean.
Zegaman bestalde, bizilagun batek salatu zuenez, eguerdi aldera bozkalekuaren alboko petrilean eserita zeuden bi gazte identifikarazi eta miatu zituen Guardi Zibilak. Horietako bat Aitor Zabaleta zen, Zegamako Aralarreko alkategaia.
Giroa «oso lasaia» izan zela adierazi zuen atzo legazpiar batek eta EHNArekin boza emateko ez zela inolako arazorik egon. Bizilagun askok euskal preso politikoen aldeko pegatinak zituzten soinean eta Ertzaintza bertaratu bazen ere, aldarrikapenaren aurrean eragozpenik ez zutela jarri adierazi zuen bizilagunak.
Pegatina, zilegi
Legazpin, hain zuzen, larunbat gauean jai giroan zegoen jendearen artean preso eta iheslarien aldeko pegatina ugari banatu zituzten, izan ere, Etxeratek orain bi aste hauteskunde egunean pegatina paparrean parte hartzeko eskatu zuen.
Nafarroan, Iruñean zehazki, pegatina soinean eramateagatik ezustekoa izan zuen gazte batek. Boza ematera zihoala, bidean Guardi Zibilekin egin zuen topo. Agenteak 15-M mugimendukoak ikuskatzen ari ziren, baina presoen aldeko pegatina ikustean, gaztearengana hurbildu ziren. «Kentzeko eta kentzeko agindu zidaten, baina ez nien entzun, nire lagunak ohartarazi zidan oihuez», adierazi zion atzo GARAri. Identifikatzeko agindu ostean, Guardia Zibilek jo egin zutela salatu zuen, aurpegian zaplaztekoa eman ziotela, hain zuzen. «Bere soldata guk ordaintzen dugula», alegia, soldata nolabait irabazi beharra dutela erantzun zioten, gazteak «zergatik» egin zuten galdetu zienean. Abokatuaren bidez salaketa jarriko duela iragarri zuen gazteak.
Pegatinak, halaber, arazoak sortu zizkien beste hainbat euskal herritarri. Bermeon eta Gernikan, esaterako, PPko ahaldunek Bilduko ahaldunak salatu zituzten, euskal presoen aldeko pegatinak zeramatzatelako. Hain zuzen, gernikar bati kenarazi egin zion ertzain batek, boza ematerakoan. Gazteak kexa jartzean, agenteek ez zuten euren burua identifikatu.
Bozka ezazu
Oraingoan, eguneko gai nagusia parte hartzeko deia izan zen, hala eskatu zuten hauteslekuetara hurbildu ziren politikariek. Iñigo Urkullu EAJko presidenteak, 9.30ean bozkatu zuen, Durangori eta herritarrei «ilusioa eta konpromisoa» eskatu zien «ondoren politikariei eskatu ahal izateko».
Patxi Lopez (PSE) lehendakariak ere goiz hurbildu zen hautestontzietara. Berak ere parte hartzera deitu zituen herritarrak, «herria egin ahal izateko».
Arrasaten, Bilduko Pello Urizarrek baieztatu zuen hauteskunde hauek «Euskal Herriko baketze eta normalkuntza bidean aurrerapauso bat» izango direla, eta, horrez gain, «ziklo berri baten atarian» gaudela aurreikusi zuen.
Donostian, Bilduren Gipuzkoa ko zerrendaburu Martin Garitanok parte hartze handiaren aldeko deia egin zuen, horietako boto askok eta askok «normalkuntza politikoa eta bakea ekarriko duen prozesua elikatzeko balio dezaten».
NaBai-ko Nafarroako presidentegai Patxi Zabaletak «boz baliagarria» eskatu zien hiritarrei, erakundeek isla dezaten Nafarroako gizarte «anitz eta batua».
Hitza, denona
«Pertsona guztien eskubideengatik» Bozka Lagapena deitutako ekitaldi sinbolikoa ospatu zuten atzo Gasteizen, Luis Aranburu Musika Eskolaren atarian. ESK sindikatuak deituta, bertan beren eskubide zibil eta politikoen jabe diren pertsonek beren botoa ematen zieten, sinbolikoki, oinarrizko eskubide hauek urratuak dituztenei. Sindikatuak salatu zuenez, gehienetan, beste leku batean jaiotze hutsagatik gertatzen diren eskubide urraketak dira.
Era honetara, «gizartearen zati batek pairatzen duen bazterketa» salatu nahi izan zuen sindikatuak. «Gasteizen bizi, lana egin eta euren ardurak bete arren -esan zuten-, debekatuta dute zuzenean eragiten dieten eremuen inguruan parte hartzea eta adieraztea».
Bestalde, apirilean udal hauteskundeetarako Donostian eta Hernanin aurkeztutako Denok Hiritar alderdi berriak zerrenda guztiak erretiratu zituen orain egun gutxi. Orduan esan zutenez, «demokrazian oinarrituriko gizarte honetan, giza talde zabal bati gainerako bizilagunek dauzkaten eskubide politikoak ukatzen zaizkiolako» aurkeztu ziren hauteskundeetara, baina bertan behera utzi dute hautagaitza, alderdi politiko batzuek Denok Hiritar-ek eskatzen zituzten aldarrikapenak onartu dituztelako. Errebindikazioak zabaltzea lortuta, «erakundeetan lekua lortzea bigarren mailako helburua» zela adierazi zuten.
M-15
Orain dela astebete baino gehiago sortu zen M-15 mugimendua eta, oraingoz, beste astebetez luzatuko dute. Estatu espainiarrean bezala, Euskal Herriko hainbat herri eta hiritan ere bilduta jarraitzen dute gazte zein helduek «egiazko demokrazia» eske. Ez dute boza alderdi zehatz batentzat eskatzen, eta azken egunotan, «abstentzioa, boto hutsa, edota alderdi txikiak bozkatzea» iradoki dute. Hala ere, «sistema politiko eta soziala aldatzea» euren eskari nagusia. Atzo, beste milaka eta milaka herritar bezala, hauteslekuetara hurbildu ziren.
Bilduko Oskar Matuteren aburuz, hiritarrek bultzatutako mugimendu hauek iragarrita zegoen zerbait esaten ari dira: «Klase politikoa bere sona galtzen ari dela, demokrazia interes alderdikoiekin erabiltzen ari direla, herritarren interesetik urrun». Halaber, halako gizarte mugimendu handiek hauteskundeetan jendearen parte hartzea areagotzen eragina izan zezakeela esan zuen, «zein neurritan» jakitea «zaila» izan arren.
Ez daude denak
Eguna normaltasunez eta lasaitasunez joanagatik, politikari guztiek ez dute orain ere euren hautagaitza hauteskunde hauetan aurkezteko aukerarik izan eta, beraz, aukerak ez dira berdinak izan alderdi guztientzat. Egunkari honek egindako zenbaketa baten arabera, ia 40.000 pertsonari betoa ezarri diete ezker abertzalearekin lotura izateagatik, izan ere, auzitegi espainolentzat hori nahikoa arrazoi zen zerrenda osoa «kutsatuta» egoteko, eta, beraz, ilegaltzat jotzeko. Bilduk abertzale ezkertiarrak biltzen dituen arren, Sortu oraindik ez da legezkoa. Hain zuzen, aurreko astean babes eskeko errekurtsoa aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean, alderdien erregistroan egoteko eskubidea eman diezaioten eskatuz.
Sorturen gaineko betoaren ondorioz, hautagai askok ezin izan dute berriz aurkeztu. Besteak beste, orain dela lau urte EAE-ANVrekin euren herrietan bozkatuenak izan ziren 42 alkate. Siglok ilegalizatuak izan ziren, 2002an onartu zen Alderdien Legean oinarrituta, eta arrazoi berberaren eraginez, egoera berberean daude Euskal Herriko ia 400 zinegotzi.