GARA > Idatzia > Iritzia> Gaurkoa

Julen Zabalo Soziologoa

Batuketa biderketa bihurtu zenekoa

Hauteskunde kontuek ez dute beti matematikaren logika gordetzen: batuketak batuketa dira askotan; baina noizbait, kenketa eta biderketa ere bihurtzen dira. Denetako adibideak izan dira, eta Bilduk biderketarena eman digu oraingoan, lortutako 300.000 bototik gorako emaitza horrek gainditu baitu bai orain hamabi urte Euskal Herritarrok-ek lortutakoa eta baita koalizioko partaideek, banan banan hartuta, gaur egun, ustez, lor zezaketena. Horrela, erdi isilean (paradoxa bada ere, bere ibilbidea era guztietako bozgorailuekin iragarria izan baita), Bilduk hasiera batez lortu nahi zuen efektua eskuratu du aukera izan duen lehenengoan: indar metaketaren bidez, efektu biderkatzailea izatea.

Izan ere, atzoko datuek arrazoia ematen diote Bilduren inguruan batu direnen apustuari. Indar metaketa posible dela erakutsi dute, eta gainera emaitza onak utz ditzakeela. Erakutsi da iritzi zabal bat bazegoela halako mugimendu baten zain. Bilduk bide eman du energia hori guztia askatzeko, eta orain ikusi behar da zer norabide eta zer intentsitate har dezakeen askatutako energia horrek.

Erakutsitako indar hori, bestalde, erantzun moduko bat da bilketa prozesuan ahultasuna edo ezegokitasuna ikusi nahi izan dutenei. Lizarra-Garaziko garaia gogoan dutenentzat, hona aintzat hartzeko hausnarketa gaia: Bilduk bere momentuan Batasunak nahi izan zuen indar metaketa lortu du, eta ezaugarri interesgarriek lagunduta, gainera.

Batasunak indar metaketa alderdi bakarraren inguruan egiteko eskema klasikoak huts egin zuen, agian arrakastarako aukerarik ez zuelako gure oraingo gizartean. Hobea edo txarragoa den eztabaidatik irtenda, erreferentzia bakar eta absolutuek ez dute balio gaur egun, eta bai, aldiz, gaiaren araberakoek. Eta dinamika horretan, koalizio eskemak aukera handiagoak eskaintzen ditu alderdi bakarrarenak baino. Ezker abertzalea gaiaren arabera egiten ari den dei desberdinak (baldintza demokratikoetarako, nazio errebindikazioetarako, gai sozialetarako...) ildo horretan sar litezke, eta ibilbide oparoa izan lezakete.

Ibilbide oparoa, baldin eta testuingurua eta arauak argi ageri badira: indar metaketak indarra metatzen duten guztien aitorpena ekarri behar du. Ezin da hauteskunde taktika huts bihurtu, ez eta besteen kontura hazteko jukutria izan. Arrakastatsu suertatzeko, indar metaketak politikaren urrezko arauetako bat bete behar du: partaide guztiek sentitu behar dute irabazten ari direla. Saihetsezineko tirabirak gora behera, denek sentitu behar dute barruan hobeto egoten dela kanpoan baino.

Batuketa beti egiten da, noski, zerbaiten alde eta, ondorioz, norbaiten kontra. Hala ere, puzzle modura antolatzen den indar metaketa horretan, norbait hori alde edo kontra egon daiteke, egoera eta gaiaren arabera. Horrek zuhurtzia eskatzen du, bai besteen interesekin bat egiten jakiteko eta baita barrukoa gordetzen jakiteko ere. Azken batean, bildutakoen arteko lotura ez da estrukturala, eta iragankortasun hori kudeatzen asmatu behar da. Baina orain arte asmatu bada, zergatik ez pentsatu asmatzen jarraituko dela!

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo