Strauss-Kahn, Lagarde eta NDFren paradoxak
Lagarde Estatu frantseseko Ekonomia ministroak bere hautagaitza aurkeztu du Nazioarteko Diru Funtseko buru izateko, duela egun gutxi atxilotutako Dominique Strauss-Kahnen ordezko gisa. Ikusteke dago azkenean nork hartuko duen erakunde honen zuzendaritza nagusia, Brasil, Errusia, India eta Txinak osatutako taldeak hainbat aldiz adierazi baitu mundu mailako esparru ekonomikoan Europak eta Ameriketako Estatu Batuek duten nagusigoa apurtzeko asmoa -orain arte NDFko burua beti izan da europarra, eta Munduko Bankukoa, estatubatuarra-, baina litekeena da Lagardek bere helburua lortzea.
Hori gertatuko balitz, paradoxa bitxia gertatuko litzateke; izan ere, Nicolas Sarkozyren ministro ezagun eta garrantzitsuetako batek Sarkozyren beraren arerio politiko nagusia omen zenaren lekua hartuko luke. Ezin ahaztu, alde horretatik, hedabide gehienek esandakoaren arabera, Strauss-Kahn zen Alderdi Sozialistaren eskutik Sarkozyri Estatu frantseseko presidentetza kentzeko aukera gehien zuen hautagaia, eta aukera hori zapuzteaz gain, Sarkozyk lortuko du bere ekonomia arduraduna NDFren buru jartzea. Primeran atera zaio jokaldia. Baina are paradoxikoa dena, edo agian tristeena, zera da: Strauss-Kahn «sozialistak» eta Lagarde eskuindarrak politika berbera egingo dutela munduko ekonomia zuzentzen duen erakundean.