GARA > Idatzia > Iritzia> Kolaborazioak

Belen Zabala Olano Pello Olanoren familiaren izenean

Giza eskubideak, non?

Guk ere sufritzen dugu, negar asko egiten dugu, baina gure presoak ez ditugu inoiz bakarrik utziko eta gure berotasuna eta maitasuna iritsarazten jarraituko dugu

Biharamuna da eta oraindik negarra begietan esnatu gara. Atzoko eguna oso gogorra izan zen gure familia eta herriarentzat. Bezperan jaso genuen berri tristea: «Izeba Luixita, Pelloren ama, hil da». Bizilegea. Gure samina, ordea, bikoitza zen. Bata mingarria baina onargarria. Bestea aldiz, onartezina. Gure ama, senarra, amona, senidea, izeba,... izateaz gain, Pelloren ama da eta Pello ez da ama bizirik ikustera iritsi.

Gelditzen zitzaigun itxaropen bakarra, zerraldo ere, Pellok bere ama agurtzeko aukera izatea zen. Bizilegea? Egunean zehar baimenak lortu eta gure itxaropena errealitate bihur zitekeen argi izpia zabaldu zitzaigun. Inozoak gu! Hileta ordua iritsi eta ez zegoen Pelloren berririk; «bidean zela» esaten ziguten. Baina ez zen iristen. Bertaratu ginen guztion artean, amorrua eta samina areagotzen ari zen. Lur ematera abiatu ginenean hilerrian topatuko genuelakoan geunden. Baita zera ere! Alferrikakoak izan ziren errepidera begira egindako minutu luzeak. Ez zen inor agertu. Tarteka, egun guztian zehar bezalaxe, patrolak, agian gu urduri jartzeko helburuarekin. Amorruz eta tristuraz beteta itzuli ginen herrira, baina itxaroten jarraitu genuen.

Azkenean, gaueko hamarretan ekarri ziguten Pello etxera. Familiartekoak etxean, herria kanpoan. Ordu erdi baino ez ziguten utzi Pello gure artean. Egoera hunkigarria bezain latza gertatu zitzaigun. Gizatasun zantzu guztiak apurtuta gelditu ziren. Une txiki batean ere ez zizkioten eskuburdinak kendu, ez bere seme txikia besoetan hartzeko, ez eta besarkada bat emateko ere. Bizilegea?

Gainera, etxe barruan ere bost «zaintzaile» zituela egon behar izan genuen.

Egoerak egoera, jasotako berotasuna itzela izan zen.

Gertaerak hauek izanik, honako galderak datozkigu burura: oinarrizko giza eskubideaz ahobero dabiltzan guztiei: egoera honek ez al ditu giza eskubide guztiak apurtzen? Seme batek, ama hilda ere, agurtzeko eskubiderik ez izatea ez al da giza eskubideen urraketa? Eta aitak semea besarkatzerik ez izatea?

Gure sentimenduekin jokatzen dute, mina ematen saiatzen dira baina ez dugu inoiz duintasunik galduko.

Guk ere sufritzen dugu, negar asko egiten dugu, baina gure presoak ez ditugu inoiz bakarrik utziko eta gure berotasuna eta maitasuna iritsarazten jarraituko dugu.

Pello, jaso ezak gure maitasun guztia, gure indar guztia. Badakik hire amak zainduko hauela eta dagoen lekutik indarra bidaliko digula guztioi. Batez ere bere seme «ume» kuttunari.

Bukatzeko, mila mila esker Lizartza eta inguruko herrietatik hurbildu zineten guztioi. Beste behin ere elkartasun uholde hori sentitu genuen eta hori ez dute inoiz geldiaraziko.

Animo bada eta eutsi goiari, lortuko dugu eta!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo