GARA > Idatzia > Euskal Herria

Banku berdea

Espero dute 2025erako 18 gigawatt argindar sortzea energia garbiaren bidez, eta horrela, nabarmen murriztuko dira CO2 isuriak

Mikel SUSPERREGI

Carbonica.org

Berotze globalari aurre egiteko, eta CO2 isuriak murrizteko ez da nahikoa idealista izatea, finantza plangintza sakona egitea ere behar-beharrezkoa da azpiegiturak aldatzeko. Mundu osoan ez da garairik aproposena dirutzak gastatzeko; alderantziz, beren zorrak kontrolpean eduki nahi dituzte Mendebaldeko estatu gehienek. Beraz, une kritiko eta txarrean sortu zaigu premia hau, baina nolabait inbertsioak aurkitu behar ditugu, karbono gabeko edo karbono gutxiko ekonomia garatu nahi baldin badugu. Zalantzarik gabe, diru pribatuak rol garrantzitsua jokatu behar du.

Erresuma Batuan «banku berdea» sortzeko planak egiten ari da bertako Gobernua, energia garbietako teknologietan dirua ipini dezaten inbertsiogile pribatuek. Green Investment Bank (GIB) deritzona oraingoz proiektua baino ez da, eta aste honetan Gobernuak lantalde bat osatu du erakundearen plangintza eta egitura finkatzeko.

Lantaldeak 500 langile izango dituen erakundea sortuko du Londresen eta Edinburgon eta bankuak erabiliko dituen finantza tresnak diseinatuko ditu.

Asmoa da datorren urteko apirilean abian jartzea banku berdea. Hasiera batean Gobernuak 3.000 milioi euroko kapitala ipiniko du, bankuaren lehen proiektuak bultzatzeko eta «hazi kapitala» bezala inbertsio pribatuak erakartzeko. Aurreikusi dutenaren arabera, 2015erako sektore pribatuak 15.000 milioi euro inbertituko ditu banku berdean.

Bankuak energia garbietan oinarritutako proiektuak babestuko ditu, azken batean, CO2 isuriaren murrizketa bultzatuz, eta ekonomiaren karbono-gabetzea lortzeko helburuarekin. Bereziki energia eolikoa, itsas-indarra, eta beste berriztagarriak izango ditu jomugan. Espero dute, 2025erako, 18 gigawatt argindar sortzea energia garbiaren bidez, eta horrela CO2 isuriak nabarmen murriztuko dira.

Energia nuklearrari dagokionez, ez dago argi banku berdeak finantzatuko ote duen. Denok onartzen dugu energia nuklearra ez dela energia garbi edo berriztagarria, baina «karbono gutxikoa» da, eta beraz, epe motzean beharrezkoa da berotze globalari aurre egiteko, batez ere argindar kopuru handiak hornitzea espero badugu.

Galdera honek beti bezala eztabaida sortu du, eta britainiar parlamentuan dagoen alderdi berdeko legebiltzarkide bakarrak Gobernuari eskatu dio beharrezkoa dela konpromisoa hartzea banku berdeak energia nuklearra bultza ez dezan. Oraingoz Gobernuak esan du ez duela diru publikoa energia nuklearrean erabiliko. Datozen hogei urteetan, Erresuma Batuko erreaktore nuklear guztiak ordezkatu beharko dira, eta horrek 200.000 milioi euroko kostua izango du. Baliteke banku berdearen bidez, inbertsio pribatuek finantzatzea azpiegitura lan hori.

Etorkizunean maiz entzungo dugu aipatzen «bono berdeak» eta ingurumenari erreparatzen dioten bestelako finantza produktuak. Etekinak erakargarriak izanez gero, diru pribatua beti inguratzen da proiektuak finantzatzeko, eta historian zehar azpiegitura nagusiak eta proiektu miresgarrienak horrela eraiki dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo